Borroka jokoaren argitaratze data 2020ko azken hilabeteetatik 2021eko hasierara igaro da.

Arc System Worksen borroka joko propioaren atal berria uste baino beranduago argitaratuko dutela baieztatu dute bere arduradunek. Guilty Gear Strive 2021. urteko lehen hilabeteetan kaleratuko dutela adierazi du Takeshi Yamanaka bideojokoaren ekoizleak.

2020ko azken asteetarako aurreikusita, argitaratze data aldaketa “koronabirusaren eraginarengatik” egin dutela azaldu du Arc Systemek. “COVID-19aren hedapenaren ondorioek ekiditu ezin izan ditugun atzerapenak eragin diote Guilty Gear Striveren garapenean”.

Hala ere, garatzaileek zabaldutako mezuan koronabirusetik harago doazen kezkak ere irakurri daitezke. “Gainera, jokoaren kalitatea hobetu eta zaleek adierazitako eskaerak gauzatu ahal izateko jokoa atzeratzea erabaki dugu”. Orain gutxi gauzatutako beta itxiak hainbat kritika jasan zituela ikusita, horiek aldatzeko asmoa dute Arc Systemekoek.

Strive Guilty Gear Xrd-ren jarraipena izango da. Une honetan Playstation 4rako bakarrik argitaratuko dutela baieztatu dute garatzaileek, baina ikusteko dago plataforma gehiagotan kaleratuko duten.