Mobile Suit ezagunak munstro erraldoien aurka jarriko dituen hack and slash abentura prestatzen ari da Bandai Namco.

Gundam Rogue Orbiten kaleratze data finkatu du Bandai Namcok: PC, PlayStation 5 eta Xbox Series bertsioak 2027ko martxoaren 5ean estreinatuko dira.

Gunpla plastikozko modeloen formatua alboratuta, istorio eta oinarri serioagoak ikusiko ditugu Gundam mecha erraldoien unibertsoaren baitan. Gundam Helix makina gidatu beharko duen protagonistaren rola jokatuta, apokalipsiari aurre egitea izango da helburua.

Manganimeetako gidoietatik aldenduko da bideojokoa, gizakien eta mecha roboten arteko gerrak munstro estralurtarren aurkako borrokengatik ordeztuz. Kolpe boteretsuz eta konboz betetako hack and slash borroka ikusgarrietan garaituko ditugu Helix gainean: ezpatakada erraldoiak eta laser izpiak oinarrizko erasoak dira.

Gundam makina pertsonalizatzea izango da Rogue Orbiten gakoetako bat: itxura nahiz abileziak nahi bezala aldatzeko aukera edukiko dute jokalariek, frankiziako mecha ezagunen estiloak berreskuratuta, edo eraikuntza guztiz desberdina prestatuta.

Sagarekin denetariko bideojokoak ikusi ditugu azken hamarkadetan: estrategia tituluak, RPGak zein Gunpla bildumagile jokoak iritsi izan dira. Rogue Orbitekin obra landuagoa prestatzen dabiltzala dirudi. Datorren urteko martxoaren 5ean ikusiko dugu.