Alientrap izeneko estudioak 2023ko azaroaren 8an kaleratutako bideojokoa da. Kasu honetan, estudioak bere gain hartu zituen garatzaile zein argitaletxe lanak. PS5erako eta PCrako dago eskuragarri, azken honetan Steam izeneko saltoki digitalean. Lehen pertsonan maneiatzen den shooter-en generoan sartzen da eta “rogue” motako ezaugarriak dauzka. Bideojokoan gizakiaren tamaina baino zertxobait handioagoak diren exoeskeletoak kontrolatzen ditugu, gure espaziontzitik espaziora irten eta zibilizazio jakin baten ontziak abordatzeko.

 

Aurreko jokoaren birformulazioa baino gehiago...

Bideojokoa egile berberek arinago garatutako Cryptark izeneko jokoaren segida da, baina izena aldatu zuten arrazoi oso argi batengatik. Izan ere, Gunhead hiru dimentsiotan sortutako artelana dugu, eta urte batzuk arinago egindako Cryptark, bi dimentsiotan garatutakoa da.

Abiapuntua bera da bi jokoetan, gu espaziontzi bateko tripulazioko kide bat gara, eta, bertan, gutaz gain, beste kide batzuk aurkituko ditugu. Hasteko, kapitaina dago, ontzia gidatu eta gure kontratatzaile bezeroekin harremana ezarri duena, horrez gain zientzialaria dago, espezie arrotzari buruzko informazioa biltzen duena, mekanikariak arma eta tresnen mantenua egingo du eta bukatzeko, gu geu, exoeskeletoaren gidaria.

Gure espaziontzian abordatzea behar bezala prestau ahalko dugu.

Gure espaziontzia itxura iluneko bezero ahaltsu batek kontratatu du, bere izenean jantzi ilunak erabiltzen dituzten langileak komunikatuko dira gurekin, eta misio bakoitzean mezu desberdinak helaraziko dizkigute, lortu ditugun helburuen arabera. Kontua da oso urrutitik datorren zibilizazio baten espaziontziak aurkitu dituztela eta hauek indargabetu zein arpilatu nahi dituztela.

Egoera berezia da, zibilizazioak zati mekaniko zein organikoak batzen dituzten izakiz osaturik baitago. Espaziontziak beraiek ere, bizirik daudela ematen du kasu batzuetan. Nahiko nabaria da gure bezeroak asmo txarrak dauzkala eta abordatuko ditugun espaziontzietan aurkitutako “xenoteknologia” bere interes pribatuak babesteko soilik erabiliko duela.

Eskatzen zaizkigun helburuak lortuz gero, diru gehiago jasoko dugu, hauei kale eginez gero dirua galtzen hasiko gara. Garrantzitsua da helburuak ondo neurtzea eta errealista izatea. Espaziontzi bat indargabetzeko bere “burmuina” suntsitu beharko dugu, kasu batzuetan honelako bat baino gehiago izango ditu. Hau lortutakoan misioa bukatuko da eta gure espaziontzira bueltatuko gara, hurrengo misioan beste espaziontzi bat erasotzeko.

Misio bakoitzak badauzka baita ere bigarren mailako hautazko helburuak. Hauek interesgarriak dira lortuko dugun diru kopurua handitzeko, baina erronka eta arrisku handiagoak suposa ditzakete. Kontuz ibili beharko gara, hauek lortu nahi izateak galbidera eraman baigaitzake. Jantzi aintzindaria puskatzen bazaigu diru galerak izango ditugu eta gure enpresa txikiak ekonomikoki hondoa jotzen badu erabateko porrota suposatuko du, jokaldi horren bukaera ekarriz.

“Rogue” izaeradun generokoa denez, zenbait gauza lortuz gero, hasieran aukera esparru handiagoa izango dugu misiorako prestatzerakoan, askatutako jantzi aintzindari berriak esaterako, baina kasu guztietan jokaldi bakoitza hasieratik hasi beharko dugu.

Exoeskeleto hauek “jantzi aintzindariak” (pioneer suits) bezala ezagutzen dira eta hasieran erabili dezakegun bakarrari Gunhead deitzen diote. Orokorrean espazioan zein espaziontzietan modu lirain batean ibiltzeko jantzi aproposak dira: Babestuta daude, hegaz egiteko gai dira, propultsoreak erabilita bulkada azkarrak egin ditzakete eta arma zein gailu kopuru nabarmen bat garraiatu zein erabiltzeko gaitasuna dute. Beharrezkoa da hauek ahalik eta hoberen maneiatzea, arerioen espaziontziak prozeduralki sortzen dira eta ez dugu hauek buruz ikasteko aukerarik izango.

Espaziontzi bat indargabetzeko bere “burmuina” suntsitu beharko dugu

Jantzi aitzindari batek aldi berean lau arma ezberdin izan ditzake, objektu bat eta bestelako hobekuntzak jaso ditzake. Bideojokoan dagoen arma mota kopurua handia da eta mota bakoitzaren barruan aurkituko dugun aberastasuna ere azpimarratzekoa da. Horrela, metrailadore motako hainbat eraso gailu aurkituko ditugu, baita eskopeta arlokoak, lehergailudunak zein energia bidez erasotzen dutenak ere.

Gai honetan mekanikariak lagunduko digu, gailu bakoitzari buruzko informazioa emango digu, eta misioen artean gure exoeskeletoa konpontzen lagunduko digu, merke irtengo ez zaigun arren. Horrez gain, soberan daukagun diru estra munizio gehiago lortzeko edo arma mota berriak askatzeko erabil dezakegu. Arma berriak orokorrean ez dira zuzenean askatzen eta lortzen, hauek misioetako espaziontzietan agertzeko aukera lortzen dugu. Jadanik askatuta eta aurkituta dauzkagunak bai, normaltasunez eros ditzakegu.

Ontzietan gure aurka arituko diren etsai mota ezberdinak aurkituko ditugu.

Bideojokoak eskaintzen duen beste egitura konplexu bat espaziontziena da. Misio bat aukeratu baino lehen, hiru espaziontzi posible aurkeztuko zaizkigu, helburua beti izango da beraien “burmuina” suntsitzea. Garrantzitsua da jokoaren “sistema” egitura azaltzea (systems), espaziontzi bakoitzak sistema desberdinak dauzka, hauetako bakoitzak zeregin bat dauka eta suntsitzen badugu espaziontziaren funtzioren bat indargabetzea lortuko dugu.

Zenbait adibide emango ditut ondoren: “Babes sistema” beste edozein sistema babesteaz arduratzen da, sarritan espaziontziaren “burmuin sistema” babestuko du eta hori dela eta, askotan “babes sistema” suntsitu beharko dugu ontziaren “burmuina” suntsitu ahal izateko. “Alarma sistemak” sentsore piloa dauzka eta hauetako batek antzematen bagaitu alarma piztuko du, hainbat arerio txiki erakarriz eta inguruko ateak atoan itxiz. “Konponketa sistema” beste edozein sistema suntsitzen dugunean aktibatzen da, hirurogei segundo baino lehen apurtzen ez badugu, jatorriz hautsi dugun sistema konponduko du. “Lekualdatze sistemak” sistemen kokapenak aldatzen ditu hirurogei segunduro.

Alarma sistemak antzematen bagaitu gure misioa zaildu egingo da.

Adibide hauek ikusita ulergarriagoa egiten da misioek aurrepentsatze bat eskatzen dutela. Jokalariak arriskuak eta helburuak lehenestu beharko ditu, hau ez egiteak arazo nahikotxo ekar ditzake eta. Kontu handiz joanda ere sarritan misioek okertzeko joera izaten dute. “Burmuin sistema” bakarra edo guztiak deuseztean misioa bukatuko da eta gure kontratatzaileak bere arpilatzaileak bidaliko ditu arriskurik gabe guztia lapurtzeko.

Espaziontzi bakoitzak sistema desberdinak dauzka, hauetako bakoitzak zeregin bat dauka

Cryptarkekin alderatuta Gunheadek ekarpen berri nabaria dauka hiru dimentsioetara egindako jauziaz gain: arerio nagusiez ari naiz. Bideojoko honetan, zenbait misioro, sistema berezi bat dagoela ikusiko dugu. Hiru espaziontzi aurkezten zaizkigunean, izen berezi desberdinak dituztela nabaria izango da. Funtzionamendua betikoa izango da baina hauetan, “burmuin sistemak” hausteaz gain, askoz oldarkorragoa izango den etsai berezi bat egongo da.

Cryptarken egin zuten bezala, misio bakoitza bukatu eta beste bat hasi baino lehen jokaldia gordetzeko aukera oso ongi etorria da. Izan ere, batzuetan ez dugu jokaldi osoa hasi eta bukatzeko denbora izango eta honek asko errazten du bideojokoaren erabilera.

Armek eta hauen distirek protagonismo handia bereganatzen dute.

 

Jokagarritasuna hobetzen jarraituz...

Bideojokoak denbora gutxi darama kaleratuta, hori dela eta badaude zenbait akats. Misioen sorkuntza prozeduralari dagozkionak batzuk eta hormen zeharkatzea dakartenak ere. Hauek guztiak konpontzen ari da garatzaile taldea, komunikazio azkarra nahi izatekotan jokoaren Discord zerbitzariko #issues atalean egin daiteke adierazpena.

Jokalari batzuek eskakizunak egin dituzte arerioak errazago antzemateko, izan ere, espazioan hegaz gabiltzala arerioak edonondik etor daitezke eta hasieran zaila zen arriskuak antzematea, hori errazteko neurriak hartzen dabiltza baita ere.

Jende askok eskatu du online bidezko multijokalaria gehitzeko eta garatzaileek zera esan dute, aurrera begira posible baldin bada, gehitu nahi duten zerbait dela. Cryptarkek bazeukan bi jokalarirentzako multijokalari aukera gailu berdinean, hau ez dute hain egingarri ikusten, hasieratik planteatu ez denez orain zailagoa delako eta baliabide eskari handia suposa dezakeelako.

Misioetan egituratuko lehen pertsonan garatutako shooter azkar bat probatzeko gogoa badaukazu aukera ona izan daiteke. “Rogue” izaeradun ezaugarriak gehitzen ditu espazioan girotutako abentura honek. Arma desberdinen aniztasunak eta espaziontziek dauzkaten sistemen egitura landuak ukitu taktikoa ematen diote, beraz, garuna zein trebetasuna eskatuko dizkigu. Mota honetako erronka batek erakartzen bazaitu, emaiozu aukera bat.