Hilabete baino gutxiago iraungo du. PCko jokalariek izena eman dezakete dagoeneko.

Hades II 2022 bukaeran iragarri zen arren, berritasun gutxi jaso ditugu ordu hartatik. Supergiant Games estudioa zaleen gogoak piztera dator orain: proba tekniko itxia egingo duela jakitera eman dute. “Laster” hasteko asmoarekin, honen xehetasun guztiak zehaztu dituzte jokoaren Steam plataformako orrialdean.

Proba teknikoa hasiera batetik iragarri zuten aurretiazko sarbideari aurreratuko saio. Helburua “ikusi gabeko akats teknikoak aurkitzea da”, modu horretara early access-eko partaideek “ahalik eta esperientziarik aproposenaz goza dezaten”.

Hades IIren lehen gune handian ibili ahalko gara proba honetan. “Joko hasierako pertsonaiak, mekanikak eta edukiak” aurkeztuko dituzte, modu horretara.

Steameko jokalari orok izena eman dezake. Ez dauka misteriorik: Steameko orrialdean “sarbidea eskatu” botoian sakatzea nahikoa da. Probaren lehen egunetan sarbidea “jokalari kopuru txikiari ematea” aurreikusten dute egileek, ondorengo egunetan jende gehiagorengana iristeko. Dena den, ez daukate eskari guztiei sarbidea emateko asmorik.

PCan jokatu ahal izateko gutxieneko baldintzak iragarri dituzte; lasai, ez baita inolako munstrorik beharko.

  • Sistema eragilea: Windows 10 64-bit (edo Steam Deck)
  • CPU: Dual Core 2.4 Ghz
  • Memoria: 4GB RAM
  • Txartel grafikoa: 2GB VRAM / DirectX 12+ euskarria

Iraupenari dagokionez, oraindik ez dute zehaztu, baina “astebete baino gehiago, hilabete baino gutxiago” iraungo duela diote. Izan ere, oraindik ez dute aurretiazko sarbidearen kaleratze datarik argitu.

Sarbidea lortzen dutenei lasai jokatzeko eskatu diete arduradunek: “Jokatu! Edozein etenaldirekin edo akats teknikorekin topo egiten baduzu, jokoak informazio hori guri helarazteko pausoak adieraziko dizkizu”.

Protagonista berriarekin, jatorrizko lanaren gakoak berreskuratzea da Supergiantekoen asmoa. Zagreo kontrolatu beharrean bere arreba Melinoë-rekin ariko gara infernuko deabruen eta izakien aurka, behin eta berriro ibilbide bera errepikatuz.

Esan bezala, Hades IIren proba teknikoa laster abiatuko da PCan. Horren ondoren, jokoa aurretiazko sarbide fasean barneratuko da. Honek hainbat hilabete irautea aurreikusten da: tituluak ez du jaso argitaratze datarik oraindik.