Jokoaren prezioa bai gatazkatsua.
Haganek Super Nintendo-rako joko zailenetarikoa izatearen fama dauka. Contra eta Super Ghouls and Ghost jostatu eta gero, ezin tamaina honetako baieztapen bati uko egin.
Tituluari serioski aurre egin baino lehen, nire sisteman, SNES Classic-ean ondo zebilen probatzeko, hozkada txiki bat eman nion. Hogeita hamar segundotan Game Over irakurri nuela oroitzen dut. Beste joko batzuek lehentasuna zeukatela eta, Hagane albo batera utzi nuen denboraldi batez. Erronkaren erakartze indarra boteretsua da, ordea, eta, hilabete batzuetara, agintea hartu nuen berriro. Ziborg Ninjaren jokoa gailentzeko prest. Nire ausardiak lehenengo munduko hirugarren mailaraino eraman ninduen lehenengo saiakeran. Tira, bigarren lehenengo saiakeran.
Eztandak, jaurtikariak, sua, kaosa!
Jokoak bost mundu dauzka eta mundu bakoitzak hirutik bostera bitarteko haina maila. Mundu guztien amaieran etsai nagusi bat dago prestatu gabeko jokalariak harrapatzeko zain. Mundutik mundura, eta pantailatik pantailara, zinematikak daude, batzuetan. Honek istorioari zentzua ematen dio eta tokien arteko konexio bat sortzen du. Ikutu polita da nire ustez, jokoari izaera eta kohesioa ematen dizkio.
Ez dago istorio gehiegi deskubritzeko, izan ere, ez dut tutik ere ulertu. Ziborg Ninja bat kontrolatzen da, nolabaiteko japoniar ziber-folklorearen aurka. Ez dakit sikiera, Hagane pertsonaiaren izena den, edo zer demotre. Ez dut behar, protagonistaren aurkezpen txartela, bere mugikortasuna da.
Haganen, plazer bat da alde batetik bestera mugitzea. Aginteak era jariakortsuan jarri dezake ninja dantzan. Jauzika eta itzulipurdika. Airean ere itzulipurdia egin dezake urrutiko plataformetara iristeko, edo paretetan errebote egiteko. Oso erabilgarria aurkitu ditudan plataforma gune horizontaletan zein bertikaletan.
Mugimendu berezi batzuk ere baditu: R eta L botoiekin itzulipurdiak egin daitezke lurrean, indarra kargatu bitartean. Itzulipurdien kantitatearen, eta ostean sakatutako botoiaren arabera, eraso berezi eta ikusgarriak egiteko gaitasuna du. Kargatzeko denborak uxatu ninduen hasieran, baina Norbait jokalari prestuari esker, etsaiei kalte gehiago egiten ziela ikasi nuen. Etsai nagusi asko eraso bakar batean akabatu daiteke ostikada boteretsuenarekin. Zaila da asmatzen, baina asebetetze maila izugarria izan da lortu dudan bakoitzean.
Guzti hau gutxi balitz, ezpata eta jaurtigai ezberdinak daude jokalariaren armategian. Select botoia sakatu eta segituan aldatu daiteke uneko akzioarentzat egokiagoa den arma batetara.
Titulua ez da dioten bezain zaila, ordea. Azkar ikasten da etsaiak ikutu daitezkeela, bere garaiko beste jokoetan ez bezala. Arerioek haien jotzeko animazioetan bakarrik mindu dezakete jokalaria. Pantailan dirudiena baino arrisku gutxiago dago, pertsonaia guztien erasoak nolakoak diren dakigunontzat.
Plataformek eta etsai nagusien ikasteak geldiarazi nau gehien abentura honetan. Zorionez, jokoa behin eta berriro hastea ez zait errepikakorra iruditu. Partidak oso azkarrak izan daitezke, behin dena gogoan sartuta, jokoa 45 minututan gailendu daiteke. Jarraitze amaigabeak dauzka gainera, beraz, kontsola itzaltzen ez den heinean, nahi haina saiakera egin daitezke.
Lehenengo aldiz gailendu nuenean ez nintzen gustura geratu, eta jarraipenik erabili gabe gailentzea hartu nuen erronka bezala. Baita erronka bete ere! Jarraipenik erabili ez, eta bizitzarik galdu gabe! Zuzenekoan nengoen eta askatu nuen garrasiak baten bat baino gehiagoren tinpanoak minduko zituen. Jokoaren zailtasuna bidezkoa dela esango nuke. Heriotza guztiak jokalariaren akatsak dira zalantzarik gabe. Diseinu txarragatik edo ausazko gertaerengatik ez dut porrotik ezagutu joko honetan.
Zenbat buruhauste eman dizkidan norgehiagoka honek. Atzealdea ordea, artea.
Hudson-ek, Hagane: The Final Conflict 1994ko amaieran argitaratu zuen Japonian eta 1995eko hasieran munduan zehar. Garatzaileak ordea, CAProduction and Red Entertainment izan ziren.
Super Nintendoaren bizitza amaierako jokoa da eta argi antzematen zaio. Akzioak irudi tasa mantentzen du ia une oro, pantaila etsaiez eta jaurtigaiez gainezka badago ere. Grafikoek etorkizun urruneko ziberpunk mundu bat aurkezten dute. Kolorearen erabilpena eta pixelart diseinua paregabeak dira. Garairako, grafikoak errealista bezala kategorizatuko nituzke. Objektu ezberdinen itzalak oso ongi marraztuak daude efektu hori lortzeko. Giza itxurako pertsonaiek ere proportzio errealistak mantentzen dituzte, efektua gehiago saltzeko. Mundu eta pantaila guztiak ezberdinak dira eta haien berezitasunak dituzte oztopo aldetik ere. Bidaia itzela da.
Musika da agian alderdi ahulena. Ez dago gaizki, melodiak errepikatzen dire maila gutxi daude eta akzioa laguntzen dute. Baina ez dut itsatsi zaidan abestirik topatu. Denak atzealdean gelditzen dira nolabait, ikuskizun bisualaren bigarren planoan. Melodia elektronikoak dira orokorrean, tenpo azkarrekoak. Hasierako abesti askok japoniar kulturako musikaren kutsua daukate. Jokoan murgiltzerakoan, ordea, nolabait generikoagoa bihurtzen da. Alderdi negatiborik ez daukat aipatzeko behintzat.
Etsaiek eta oztopoek ez digute arnasa lasai hartzen utziko.
Hagane: The Final Conflict kultu-jokoan bihurtu den bideojokoa da. Bere garaian ez zuen arrakasta handirik izan, 32-biteko kontsolak 16-bitekoak alboratzen hasi ziren unean argitaratu zen, eta denborak garrantzia eman dio berriro. Dena den, zailtasunaren fama gehiegikeria dela deritzot. Hasiera batean zaila dirudi, baina ordu bateko jokoaren ostean azkar antzematen da zailtasuna nondik datorren eta jokoak berak oztopo guztiak erraz gailentzeko herremintak ematen dituela. Zein erreminta noiz erabili da arrakastaren gakoa.
Zailtasun handiena kartutxo originala erostea da gaur egun. Kaxarik gabe 300 bat eurotan aurki daiteke bigarren eskuko salerosketa webguneetan. Arkade akzio jokoen zaleentzat, jostatzeko aukera izanez gero, zalantzarik ez eduki. Joko bikaina da.
Iruzkinak