Mister Morris Games indie garatzaileak ustekabean iragarri du bere metroidvania abenturaren argitaratze data.
Jordan Morris indie garatzaileak bere bakarkako lanaren argitaratze data zehaztu du: Haiku, the Robot interesgarria gaur bertan estreinatuko da PC-an Steam plataformaren bidez.
Haiku robotaren kontrola hartuta Arcadia izeneko mundu mekanikoa esploratzeari ekin beharko diogu metroidvania generoko titulu honetan. Mister Morris Games estudioko arduradunak “esplorazio eta abentura joko polita” dela nabarmentzen du Valve-koen saltokian; egia izan daiteke, baina aldi berean kokaleku apokaliptikoak eta arerio beldurgarriak ikusiko ditugu.
Pixel art estiloko atal estetikoarekin, eskuz marraztutako pertsonaiak eta guneak batuko ditu bideojokoak. Game Boy-ko lanak gogora ekartzea izan da garatzailearen helburuetako bat, eta lortu duela ikus daiteke —koloreen eskema alboratuta, behintzat: Nintendo-ren kontsola eramangarriko berdea alboratuta horiak eta laranjak izango dira nagusi Haikun—.
“Aginte zehatzak eta istorioz betetako narrazio aberatsa” ere agintzen ditu Morrisek. Era horretara, Hollow Knight bezalako obrekin antzekotasun handiak izango dituen abenturaren aurrean gaude. Misterio mordoa ikusiko dugu beraz, akatu beharreko dozenaka etsai nagusirekin batera. Nola ez, gure protagonistak abilezia berriak lortuko ditu erronka desberdinei aurre egiteko. Gainera, eskuratzen joango garen txipekin gure jokatzeko estiloa pertsonalizatu ahalko dugu.
Kickstarter finantzazio kanpaina bidez lortu zuen sortzaileak Haiku garatzeko behar besteko aurrekontua: 35.000 euro inguru batu zituen jarratzaileei esker. Joan den udazkeneko Steam Next Fest ekimenean probatu genuen titulua. Hauxe nabarmendu genuen ordu hartan:
Misterioz betetako istorioaz gain, jostagarritasuna kontuan hartzekoa da. Abilezia gutxirekin hasiko gara, eta zaila izango da aurrera egitea. Laguntzak jasoko ditugu, baina: giltza ingeles batekin uneoro bizitza berreskuratu daiteke baina momentu aproposak hautatu beharko dira, robota konpontzeak denbora darama-eta.
Esan bezala, Haiku, the Robot gaur bertan estreinatuko da Steamen; Morrisek ez du ordurik zehaztu, baina ohi bezala 19:00etatik aurrera eskuratu ahalko dela suposa daiteke. Nintendo Switch kontsolarako bertsioa ere iragarrita dauka garatzaile independenteak, baina ez da horri buruz mintzatu.
Iruzkinak