HL: Alyx-en ikusitako antzeko mekanikak biltzen ditu. Valve-koen babesa eduki du garatzaileen taldeak.

Bideojokozaleen komunitateak garatzaile profesionalen pareko lanak egin ditzakeela agerian jarri du beste behin. Nola ez, Source motor grafikoaren eta Half-Lifen erroetara itzuli dira hau erakusteko; Half-Life 2 maisulana hartuta, Source VR Mod Team taldeko zaleek errealitate birtualeko bertsioa kaleratu dute Steam-en.

Half-Life 2: VR Mod izenpean, 2004. urtean estreinatutako abentura osoa VR gailuekin gozatzea ahalbidetzen du modak. Hau da, Gordon Freeman protagonistaren begietatik —eta eskuetatik— biziko dugu City 17 mitikoan hasten den bizipena.

Jokoko tokietatik ibiltzea, horietatik sakabanatutako objektuak eskuetan hartzea, eskailerak igotzea eta askoz gehiago egin dezakegu hemen. Armak eskuetan hartuta, tiroketetan ikusiko dugu lanik sakonena, noski: ondo apuntatu beharko dugu, baita munizioa eskuz kargatu ere.

Aipatutakoekin, nahitaez dator burura Half-Life: Alyx; egia esan, zaleen taldeak Valve-koen VR joko ofiziala jarraitu dute aurreko atala errealitate birtualera eramateko, eta nabari da. Egindako lanak bere mugak ditu, argi dagoen bezala, baina lan aparta egin dute Source VR Modekoek.

Horren aparta, Valvekoen laguntza jaso dutela: mod ofizialaren kategorian sartu dute titulua Steam plataforman. Horrela, zuzenean Valven saltokitik jaitsi eta instala daiteke HL2: VR Mod. Ez dauka inolako misteriorik.

Jokatzeko, hori bai, VR gailuak beharrezkoak dira. Zeintzuk? Steam VR-ren euskarria duen edozeinek balioko digu: Quest 2, HP Reverb 2, Valve Index, HTC Vive, Pimax zein Windows Mixed Reality gailuen bidez joka dezakegu mod honetara.

Zelan ez, komunitatearen lana izanik, doakoa dela azpimarratu beharra dago. Dagoeneko kaleratu duten arren, beta bertsioan egin dutela azpimarratu beharra dago: behin betiko bertsioa prestatu artean arazo handirik gabe goza daiteke, baina noizean behin akatsen bat aurkitzea normala dela diote arduradunek. Ahalik eta esperientziarik onenaz gozatzeko aholkuak eman dituzte jokoaren Steameko orrialdean.

Half-Life 2: VR Moden beta irekira doan joka daiteke dagoeneko Steam bidez.