PinkyDev zaleak garatutako bideojokoa da. Valve-ko arduradunek ontzat eman dute, eta Steam plataforman argitaratuko da.

Half-Life originala mod sortzaileek ikaragarri maite duten bideojoko horietakoa da. Ez da harritzekoa, Valven tiro joko klasikoa erabilita Counter-Strike, Team Fortress, Day of Defeat zein beste hainbat mod ezagun sortu baitira. Gaur egun ere HL oinarritzat hartzen duten titulu berriak ikusten gabiltza; hori da, esaterako, Codename: Loopen kasua. Generoa aldatu, eta jatorrizko obra roguelike abenturan bihurtzen du.

Sarean PinkyDev izenarekin ezagutzen den bideojokozaleak eratutako moda dugu Loop. Berez, twin stick tiro jokoaren tankera ematea da garatzailearen helburua: lehen pertsonako ikuspuntua ikuspegi isometrikoarengatik aldatzen dio, HLri nortasun eraberritua eskainita.

G-Man misteriotsuak Freeman protagonistaren gaitasunak probatzeko asmoarekin sortutako erronka da eraldaketak proposatzen duena. Black Mesa zeharkatu beharko dugu berriz, etsai nahiz erronka ezagunak zein bestelako berritasunak ikusita. Armak, arerioak eta askoz gehiago agintzen du PinkyDevek.

Sortzaileak “Enter the Gungeon, Geometry Wars edo Beat Hazard” aipatzen ditu inspirazio iturritzat, “baina Gordon Freeman-ekin eta Black Mesa-n”. Horrela, lehen helmuga nagusia Freemanek lehen jokoan bizitako abentura ikuspegi horretan gainditzea eta jokatzea ahalbidetzea izan da. Hortik abiatuta, baina, berritasunak inplementatzen ere hasi da PinkyDev: hortik jaio da roguelike modalitatea.

Hori horrela, amaierarik gabeko begiztan murgil gaitezke modean: roguelike mekanikak dituenez, hiltzen garenean abentura berriz zerotik hasi beharko dugu. Hala eta guztiz ere, modalitatea oraindik bukatu gabe dago; gauza bera gertatzen da modaren oinarrizko joko motekin.

Are gehiago, oraingoz demoa probatzeko aukera baino ez daukagu: Questionable Ethics maila zaharberrituan joka dezakegu ModDB webgunetik jaitsi daitekeen proban.

Ez da eskainitako maila bakarra, baina: komunitatearentzako tresnak ikusten gabiltza dagoeneko, norbere mailak sortzeko eta argitaratzeko aukera baitago. Horrekin batera gure pertsonaiaren itxura aldatzeko azalak ere lor daitezke. Ahaztu Source motor grafikoaz. PinkyDev Unity modernoagoaz baliatu da moda eratzeko.

Ehundaka begirada erakarrita, azkenean nagusien arreta ere lortu du tituluak. Valvekoek Steam plataforman kaleratzeko baimena eman diote PinkyDevi. Oraindik ez da saltokian azaltzen, baina “laster” ikusiko dugula agindu du arduradunak.

Momentuz, aipatu modura, Codename: Loopen demoan jokatzearekin konformatu beharko gara.