Haloren bigarren bideojokoaren remakea The Master Chief Collectionera gehituko da.

Halo: The Master Chief Collectionek PCan batutako bilduma handitu egingo da maiatzaren 12tik aurrera. Bertan daude dagoeneko Halo: Combat Evolved Anniversary eta Halo: Reach bideojokoak, baina aipatutako egunean sagako bigarren bideojokoa gehituko zaie, Halo 2: Anniversary bertsioan.

Anniversary bertsioak 2004an kaleratutako jatorrizko Halo 2 eta 2014ko remakea biltzen ditu. Bi bertsioen artean uneoro aldatzeko aukera emateagaz batera, Blur Studiok sortutako kanpainako zinematika berriez goza daiteke Anniversaryn.

Halo 2: Anniversary PCrako hobekuntzekin datorrela agindu dute Microsoftetik. 4K-ko bereizmenaz gain, 60 fps baino gehiagotara jokatzea ahalbidetuko du bertsio honek. Ez hori bakarrik, “teklatu eta saguarentzako euskarria, ultrawide monitoreentzako euskarria, FOVa aldatzea eta beste hainbat ezaugarri” gehituko dituzte PCrako bertsioan.

Sagako bigarren jokoa bildumara gehituta, Halo 3, Halo 3: ODST eta Halo 4 falta dituzte PCko jokalariek. Halo 5 bildumatik kanpo izanik, ikusteko dago jokoa PCra iritsiko den ala ez.

The Master Chief Collection Steam, Microsoft Store eta Xbox Game Pass zerbitzuetan dago eskuragarri.