Ezaugarri esperimentala diote 343 Industries-eko garatzaileek. Joko motak eta hobekuntzak ere gehitu dituzte.

Halo: The Master Chief Collection bildumak eguneraketa interesgarria jaso du. 343 Industriesetik jakitera eman dutenez, azken eguneraketarekin Halo 3 zein ODST tituluek plataforma arteko kooperatiboa jaso dute; hau da, Xbox Series-eko, Xbox One-ko eta PC-ko jokalariek elkarrekin jokatu ahalko dute joko horietako multijokalari kooperatiboan.

Garatzaileek honen funtzionamendu zuzena probatu duten arren, oraindik ezaugarri esperimentala dela nabarmentzen dute. Are gehiago, jokalariei akatsak eta arazoak arduradunei helaraztea eskatu dizkiete, modu horretara funtzioa hobetzen jarraitzeko.

Dena den, adabaki berriarekin askotariko berritasunak gaineratu dituzte. Hasteko eta behin, Firefight joko mota hobetzeko zein handitzeko edukiei buruz hitz egin dute: sareko zuzenketak nabarmentzen dituzte, baina interfazea konpondu eta ezaugarriak gehitu dira. Etsai mota berriak sortu dituzte gainera, eta partida azkarren aukera gaineratu.

Berritasunekin jarraituta, Forge sormen joko motarako aldaketak iragarri dituzte: talde bakarrari eragingo dioten ezaugarriak prestatu ahal dira orain. Halo 4-ren kanpaina pertsonalizatzeko aukerak sortu dituzte 343 Industriesekoek, Halo: Combat Evolved-en eta Halo 3ren kanpainek dagoeneko dituzten ezaugarriak eskaintzeko: adibidez, jokalari batek arma bat hartzerakoan berak aukeratutako azala jarriko zaio automatikoki. Antzekoa egin dute laugarren atalaren multijokalariarekin: orain edozein joko motatan erabiliko dira azalak.

Bukatzeko, Halo 3-k 51 medaila berri jaso ditu, eta joko guztientzako burezurrak prestatu dituzte arduradunek. Etorkizunera begira, modentzako euskarria joko guztietara eraman nahi dutela, pertsonalizazio aukerak areagotuko dituztela, kanpainetan biltzeko objektuak jarriko dituztela eta asko gehiago aipatzen dute 343 Industriesekoek. Interfazean era guztietako zuzenketak eta hobekuntzak ere agindu dituzte.

 

Halo Infinite ahaztu gabe

Sagaren azken bideojokoak ere berritasunak jasoko ditu. Halo Infinite-n multijokalariaren bigarren denboraldia aurkeztu dute Xbox-ekoek: Lone Wolves izenarekin, mapa, joko mota, ekitaldi eta Battle Pass berriak ekarriko ditu maiatzaren 3an. Hori bai, Infiniten kooperatiboa zein Forge joko motak kanpoan utziko dituzte: beranduago etorriko direla aipatu dute garatzaileek.

Gainera, Certain Affinity estudiokoek Halo Infiniten lanean jarraituko dutela adierazi dute beren sare sozialetan. Hamabost urte daramatzate Halo sagan askotariko lanak egiten, eta Infinite “modu berri eta zirraragarrietan eboluzionatzen” jarraituko dutela azpimarratu dute.