Uztailaren 11rako aurreikusita zegoenez, komunitatea zain dago. Forge editoreari buruzko berritasunak eman gabe jarraitzen dute.

343 Industries estudiotik aldarrikatu dutenez, Halo Infiniten kooperatiboaren beta bertsioa aste honetan argitaratzeko asmoa dute. Brian Jarrard komunitatearen zuzendariak egindako adierazpenetan, “taldeak oraindik lanean jarraitzen duela” azpimarratu du.

Berandu dabiltza, hala ere: kanpaina osora lagun batekin jokatzeko aukera uztailaren 11n iritsi behar zen Halo Infinitera. Horri buruz ere mintzatu da Jarrard: “Guk beti esan dugu 11ko astean iritsiko zela, baina hainbat webgunek egun horretan kaleratuko genuela adierazi dute”.

Hainbat arazorekin topo egin dutela dirudi. Zuzendariak dioenez, azken bertsioak probatzen ari diren jokalariek zenbait akats ikusi dituzte, eta garatzaileak horiek konpontzeko lanean dabiltza orain.

Halo Infiniten garapen prozesua oztopoz beteta egon da hasiera batetik; behin jokoa kaleratuta —iazko azaroan iritsi zitzaigun— oraindik arazoak dituztela ikus daiteke. Are gehiago, Forge modalitatearekin ere antzekoa gertatzen ari da: Infiniten mailak eta joko motak sortzeko eta editatzeko tresnak ez dauka argitaratze datarik oraindik.

Horri guztiari multijokalariaren egoera gehitu behar zaio. Oinarri sendoak dituen arren, jokalarien komunitatea eguneraketen inguruan kexu aritu ibili da aspalditik; egia esan, eduki gutxirekin berriztatzen dabiltza multijokalariaren eskaintza.

Halo Infinite Xbox kontsoletan zein PC-an joka daiteke. Ez hori bakarrik: Xbox Game Pass harpidetzaren baitan eskaintzen dute Microsoft-ekoek.