E3ko iragarpenen ostean bi jokoen jostagarritasuna sakontasunean aztertzeari ekin diote garatzaileek.

Xbox & Bethesda Games Showcase aurkezpeneko izar handienetakoak izan ziren Halo Infinite eta Forza Horizon 5. Lehenengoaren aldetik 343 Industriesek multijokalariaren lehen irudiak erakutsi zituen, atal hau jokalari guztientzako doakoa izango dela zehaztuta. Horizon 5, bestalde, ekimeneko ustekabeko handienetakoa izan zen bere atal grafiko ikusgarriari esker.

Aurkezpenean labur-labur erakutsi ondoren, Xboxekoek aurten kaleratuko dituzten bi jokoak sakontasunean erakutsi eta xehetasunak emateko bideoak zabaldu dituzte sare sozialetan.

Haloren multijokalari klasikoa “eguneratu” eta “jokalari beteranoentzako fresko sentitzea” nahi dute, “hasiberrientzako zirraragarria den aldi berean”. Hori horrela, aurreko atalen ospakizuna izango dela diote, eta aldi berean etorkizuneko Haloek egin dezaketena agerian jarri nahi dute.

Jostagarritasunean berritasunak egongo dira. Academy joko motarekin horiekin praktikatzeko aukera eskainiko dute tutorial txikien bitartez. Armadurek Halo 3ko antzeko funtzionamendua edukiko dute: mapan zehar aurkituko dira, eta horiek hartu ondoren erabili egin beharko dira; hil ondoren jokalariek galdu egingo dituzte.

Pertsonalizazio maila izugarria agindu dute gainera. Halo: Reachen ikusitako itxuraldatze aukerak gehituko dituzte Infiniten, eta inoiz baino aniztasun handiagoa egongo da. Itxuraldatzeko elementuak jokatuz lortuko dira, eta ez dituzte loot kaxak gehituko jokora.

Denboraldi bakoitzerako Battle Passak ere aipatu dituzte. Ez dira inoiz iraungiko, eta dagoeneko bukatutakoak erosteko aukera emango dute. Plataforma arteko jokoa zein jarraipena egongo da Xbox kontsolen eta PCaren artean.

Halo Infiniteko multijokalaria doakoa izango da; ez da gauza bera gertatuko jokalari bakarrarentzako joko motekin. Aurten kaleratuko da PC, Xbox Series eta Xbox One plataformetarako; argitaratze data zehatzik eman ez duten arren, gabonetarako prest edukiko dutela jakinarazi dute Xboxekoek.

 

Mundu ireki ikusgarria

Playground Gamesekoek, bestalde, Forza Horizon 5ek ekarriko dituen berritasunak zerrendatzeari ekin zioten dokumentaltxo batekin.

Mundu irekiko lasterketa jokoa Mexikora joango da bosgarren atalarekin. Multijokalari elementuek bertan jarraituko dute, nola ez: uneoro beste gidari batzuekin topo egin eta horiekin lasterketak hastea posible izango da.

Era guztietako autoak ikusiko dituzte jokalariek, baina oraingoan Mexikoko ibilgailuak nabarmendu nahi dituzte arduradunek; autoen zerrenda oraindik bukatu gabe daukatela aldarrikatu dute. Guzti horiek pertsonalizatzeko inoiz baino aukera gehiago emango dituzte, hori bai.

Mapa erraldoia izango da, eta hori zeharkatzeko alde batetik bestera doan autopista egongo da Horizon 5en. Autoen simulagailua izan beharrean arkade kontroletara gehiago hurreratzen den frankizia da Horizon, eta horrekin jarraituko dute ikusgarritasuna areagotu nahian. Eguraldiak aldaketa ikaragarriak jasango ditu: ekaitz tropikalak zein harea-ekaitzak biziko dira Mexikon.

Minijokoak eta ekimen bereziak ere egongo dira: birlak botatzen eta gozo-eltzeak zanpatzen aritzeko ekitaldiak erakutsi dituzte, baina jokalariek beraien froga bereziak sortzeko aukera izango dute.

Forza Horizon 5ek bai badauka argitaratze data: azaroaren 9an kaleratuko da PCan eta Xbox kontsoletan.