AMD-rekin elkartu dira honen CPUa-k eta GPU-ak optimizatzeko. Raytracing-a, ultrawide monitoreentzako euskarria eta askoz gehiago jasoko ditu jokoak.

343 Industries estudioak eta Xbox-ek Halo Infiniten ordenagailuetako bertsioaren ezaugarri bereziak azaltzeko bideo sakona prestatu dute. “Kontsolekin batera, PCa egiten dugun guztian erdian dagoen aroan sartu dira 343 Industries eta Halo”, adierazi dute Xboxekoek beraien blogean, eta “Halo Infinite lehen egunetik PCko esperientzia osoa” izango dela agindu dute.

Bideoan zehazten dutenez, AMD enpresarekin elkarlana abiarazi dute honen Ryzen prozesadoreetan eta Radeon RX 6000 serieko txartel grafikoetan jokoa hobeto optimizatuta egon dadin. Zentzu horretan, jokoarentzako bereziki prestatutako driverrak banatuko dituzte.

AMDren FreeSync Premium Pro teknologiarentzako euskarria ere jasoko du jokoak, hori erabiltzen duen monitorea edukiz gero; gauza bera gertatzen da ultrawide monitoreekin. Ikusmen eremua aldatzeko aukera ere agindu dute 343 Industriesekoek.

AMDrekin jarraituta, Halo Infiniten argitalpena ospatzeko AMD Radeon RX 6900 XT txartel grafiko bereziak prestatuko dituzte, Halo Infinite Limited Edition izenpean. Hauek, baina, ez dituzte merkaturatuko: zaleei hauek lortzeko eskaintza bereziak prestatuko dituzte Xboxekoek, AMDk eta beste partaide batzuek datozen asteetan.

Raytracing teknologia ere aipatu dute, nola ez, baina ez dute jokoa argitaratzen dutenerako prest edukiko. “raytracinga gure garapen prozesuaren lehentasunetako bat da argitalpen osterako, eta honen inguruko berritasunak laster eskaintzea espero dugu”.

Ez hori bakarrik, iragarrita zegoen arren plataforma arteko jokoa nabarmentzeko aprobetxatu dute bideoan: PCko jokalariek Xbox kontsoletakoekin batera jokatu ahalko dute sare bidezko multijokalarian. Bukatzeko, Discord zerbitzuarekin batera erabiltzeko ezaugarria bereziak edukiko ditu Master Chiefen abenturak.

Halo Infinite abenduaren 8an merkaturatuko du Xboxek: PCrako kaleratzeaz gain Xbox Series eta Xbox One kontsoletan ere eskuratu ahalko da.