Hainbat zurrumururen ostean, “Master Chief geratu egingo dela” adierazi du estudioak sare sozialen bitartez.

343 Industriesekoek ez dute Halo alboratuko. Estudioak jakitera eman duenez, Xbox-en frankizia garrantzitsuenarekin lanean jarraitzeko asmoa dute. Pierre Hintze arduradun nagusiak zehaztu du Twitter sare sozialean argitaratutako mezuarekin.

“Halo eta Master Chief geratu egingo dira”, azpimarratu du Hintzek. “343 Industriesek Halo orain nahiz etorkizunean garatzen jarraituko du, istorio epikoak, multijokalaria, eta Halo handia egiten duen gauza gehiago barne”.

Adierazpenok sareetan zabaldutako berrien ostean egin dituzte. Izan ere, Microsoft-ek iragarritako langileen murrizketarena dago: 10.000 langile inguru kaleratuko dituztela jakitera eman dute Redmond-ekoek. Horien artean daude 343 Industrieseko kideak, baita Bethesda edo The Coalition taldeetakoak ere.

Gainera, Joseph Staten 343 Industrieseko sormen zuzendariak taldea utzi du. 2020an batu zen estudiora Halo Infinite-n garapena gidatzeko. Horri lotuta, taldeko langile ohi askok Infiniten garapen prozesua gogor kritikatu dute, “zuzendaritza ezgauza” salatuz. Jokoan lan egindako garatzaile batzuen arabera, langile murrizketa ez zen 343n eman behar, eta Halo Infiniten egoera hobea izan beharko litzateke.

Albisteokin, 343 Industries Halotik urrunduko dela hasi zen zabaltzen Interneten. Azkenean ez dirudi horrelakorik gertatuko denik; dena den, zaleen ikuspuntua ere ez da oso positiboa. 343koen ibilbidea nahiko malkartsua izan da Halorekin, eta azken tituluek ez dute balorazio benetan positiborik jaso.

Bitartean Infinitek multijokalariarentzako edukiak jasotzen jarraituko du: martxoan Echoes deitutako hirugarren denboraldia abiatzea aurreikusten dute Xboxekoek.