Playstation 5 eta Xbox Series Xrako prestatzen ari dira. Bideojokoa Avalanche Softwaren eskuetan dagoela dio Bloombergek.

Orain ia bi urte Harry Potter aztiaren unibertsoan oinarritutako RPG misteriotsua filtratu zen sareetan. Bertan pertsonaia propioak sortzeko editorea, esploratzeko mundua, aztikeriak eta borrokak ikusi ahal ziren.

Warner Brosekoek ez dute bideojoko horren berri ofizialik eman oraindik; halere, Bloombergek argitaratutako albiste batek RPGa 2021ean kaleratuko dela baieztatu du.

Artikuluan zehazten dutenez proiektuak bizirik jarraitzen du: bideojokoan lanean ari diren bi pertsonarekin harremanetan dagoela dio Jason Schreier kazetariak. Izenburu ofizialik gabe, RPGa Avalanche Softwareko kideak garatzen ari direla azpimarratu du Bloombergeko langileak.

Aztien abenturan Hogwarts eskola eta bere inguruak esploratuko dituzte jokalariek. Schreierren arabera, AAA jokoa abuztuaren 22an iragarriko dute: DC FanDome deitutako ekitaldi digitalaren barnean emango dituzte berri ofizialak. Ezustekorik egon ezean, Batmanen bideojoko berria ere bertan iragarriko dute.

Plataformak ere aipatzen ditu Bloombergeko artikuluak. Printzipioz 2020 bukaeran kaleratuko diren Playstation 5era eta Xbox Series Xra helduko da Harry Potterren unibertsoko joko berria.