Bi dimentsiotako azkiozko roguelite honetan Heriotzaren rola hartuko dugu. Komunitatearekin batera jokoa eratzen jarraituko dute Magic Design Studios-ekoek.

Abenduko The Game Awards sarietan ikusi genuen lehen aldiz Have a Nice Death interesgarria. Indie bideojokoak bere atal artistikoagatik begirada guztiak erakartzea lortu zuen. Orain jostagarritasuna probatzeko unea heldu da bere sarbide goiztiarrarekin: dagoeneko Steam bidez abiarazi dute.

Magic Design Studios indie garatzailea da tituluaren arduraduna Perfect World banatzailearekin batera. “Bira ilunarekin eta xarmagarriarekin roguelike esperientzia ahaztezina” sortzeko helburua dute. Hori lortzeko “komunitatearen laguntza ezinbestekoa” dela diote estudiokoek; horregatik, sarbide goiztiarrean argitaratzeko erabakia hartu dute.

Death Inc-en korridoreak esploratzeari ekingo diote jokalariek abentura honetan. Ez dute edonorren kontrola hartuta egingo, baina: enpresaren buruaren rola bete beharko dugu; hau da, Heriotza izango gara.

Heriotzaren exekutiboak, Nahigabeak edo Sorrow-ak, nahi dutena egiten hasi dira bizidunen erreinuan. Enpresaren agintea kontrolik gabe utzita, Heriotzak lantegiko nagusia nor den erakutsi beharko du. Hori egiteko bidea prozeduralki sortutako mailak zeharkatzea eta dozenaka etsai akatzea izango da. “Hack n’ Slash erako borroka azkarrak” agintzen dituzte garatzaileek.

Porrot egingo dugu behin eta berriro, baina noski, Heriotza ezin daiteke hil. Partida bukatzerakoan berriz hasierara itzuliko gara, lortutako esperientzia erabilita abilezia eta objektu hobeak lortzeko aukerarekin. 30 bat arma aipatzen dituzte Magic Designekoek, eta hauek hobetu ahalko ditugu gainera.

Sarbide goiztiarreko ibilbide orria prestatu dute garatzaileek. Apirilerako eduki berriak agindu dituzte dagoeneko: erronka mekanika berria, hedatutako bosgarren mundua, mini etsai nagusiak eta gehiago gaineratuko dira orduan. Udarako beste bi adabaki aipatu dituzte: Junk Foods eta Accidents deitutako eguneraketak izango dira.

Have a Nice Death dagoeneko sarbide goiztiarrean eskura daiteke Steam plataforma bidez.