PlayStation kontsoletarako oraindik iragarri gabeko bideo-jokoa garatuz hasiko du bere ibilbidea Montrealgo garatzaileak.

Jade Raymond garatzaileak bere hurrengo pausoak zeintzuk izango diren zehaztu du. Orain ia bi hilabete Googlen Stadia Games & Entertainment arduradun kargua utzi ondoren, Haven Entertainment indie estudioa sortu du garatzaile kanadiarrak.

Iragarpena PlayStationekin batera egin du Raymondek. Izan ere, Haven Entertainmenten lehen bideo-jokoa Sonyren kontsoletarako izango dela aurreratu dute PlayStation Blogean. Halere garatzaile indie bat dela azpimarratu beharra dago, ez baita Sonyren estudio propioa izango, momentuz behintzat.

25 urtez industrian jokoak garatzen aritu dela nabarmendu du bertan Raymondek, “batzuk arrakastatsuak izan dira eta beste batzuk ez horrenbeste”. Bere lanen artean daude Ubisoften egindako Assassin’s Creed eta Watch Dogs ezagunak.

Kanadiarrak azaldu duenez, Haven Entertainmenten “urte luzez elkarrekin lan egindako talentu handiko garatzaileak” daude. Ikusteko dago Stadiako taldea berarekin eraman duen edo aurretik ezagututako langileak diren: Raymond Ubisoften eta Stadian egoteaz gain Electronic Artsen Motive estudioan lan egindakoa da.

Garatzen ari diren lanaren inguruan, “oraindik iragarpen handirik ez dagoela” dio; orain gutxi prestatzen hasitako proiektua dela pentsa daiteke beraz.