Bi talde eta 100 jokalari batuko dituzte batailek PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan. Maiatzaren 29an beta irekia abiatuko dute Expression Games estudiokoek.

Team17 argitaletxeak Hell Let Loose: Vietnam ekainaren 18an kaleratuko dela jakitera eman du. Expression Games taldeak 2021eko Hell Let Loosekin hasitakoa jarraituko du, oraingoan, Vietnameko gerrara bidaiatuz.

Iragarpenarekin, jokagarritasun bideo berria utzi digute egileek. Lehen pertsonako tiroketetan oinez zein ibilgailu gainean zeharkatuko ditugu gudu zelaiak: txalupak edo ontziak gidatuko dituzte jokalariek, besteak beste, AEBetako armadarekin. Kalibre handiko armak eta soldaduak hornitzeko aukera zabalak izango dira beren berezitasunak.

Ez da kasu berbera izango aurkariekin. Vietcong-ak lurrazpiko tuneleak erabiltzeko aukera edukiko du: hauek eraikitzen eta sarea osatzen aritu beharko da taldea, estrategia eta plangintza nagusituz etsaiari ezustean harrapatzeko.

50 jokalariko bi talde bilduko dira partidetan. Sei mapa erraldoi prestatu dituzte oraingoan, hauetatik mugitzen ikastea ezinbestekoa izanik garaipena lortzeko. Jokoa kaleratu aurretik ezagutzeko aukera egongo da, beta irekia maiatzaren 29tik ekainaren 1era bitartean bideratuko baitute PCan: izen ematea webgune ofizialean abiatu dute jadanik.

PlayStation 5, Xbox Series eta PC gailuetan estreinatuko da, hori bai, Hell Let Loose: Vietnamen behin betiko bertsioa. Esan bezala, ekainaren 18an hasiko dira batailak, baina digitalean baino ezingo da eskuratu bideojokoa; bertsio fisikoa abuztuaren 4an merkaturatuko dutela aurreratu dute Team 17koek.