Helldivers Arrowhead Game Studios-ek 2015ean sortutako eta Sony Computer Entertainment-ek argitaratutako bideojokoa dugu. Goitiko ikusmira eta bi joystick-ak erabiliz jokatzen den bideojokoa da. Hurrengo plataformetan kaleratu zen: PlayStation 3-an, PlayStation 4-an, PlayStation Vita-n eta PC-an.
Alien zein Starship Troopers bezalako artelanetatik edaten du. Bakarka joka daitekeen arren, lau jokalarik parte har dezakete partidetan; nahiz eta lagunen arteko sua beti aktibatuta egon, elkarlana bultzatzen saiatzen da. Jokalariek gailu berean, internet bidez edo aurreko bi erak aldiberean uztartuz joka dezakete, laukotea osatuz.
Gizateriaren guda amaigabea
Helldiverrak Lur planetan bizi dira, gaur egun Super Lurra edo Super Earth deritzona. Hobekuntza teknologiko-militar handiak jasan ditu gizateriak, eta bere inguruan dauden beste kultura zein zibilizazioak “askatzeko” eta “demokratizatzeko” ahalegin itzelak egiten ditu etengabe. Bide batez, beste bizidunen lehengaiak eta teknologia asimilatzen dute gizakiok, “ongiaren” izenean. Beraz, etengabeko gudan murgilduta, gizateria bere arerioen planetak eta izar-sistemak konkistatzen saiatuko da; etsaiak, berriz, Super Lurrarenak diren eremuak bereganatzen saiatuko dira.
Hiru arerio talde desberdin daude, bakoitza berezko ezaugarri desberdinekin. Hasteko, Illuminate izenekoak daude: botere psikiko indartsuak eta teknologia aurreratua dauzkaten izakiak dira. Bigarrenik, Cyborgs bezala aurkezten direnak teknologia bidez eraldatuak izan diren gizakiz osatuta daude. Bukatzeko, Bugs izenarekin laburtzen den intsektu erraldoien taldea ere aurkezten zaigu. Aurkako zibilizazio bakoitzak gudari mota desberdinak dauzka, bakoitza bere gaitasunekin eta arriskuekin.
Bakarka joka daitekeen arren, lau jokalarik parte har dezakete partidetan; nahiz eta lagunen arteko sua beti aktibatuta egon, elkarlana bultzatzen saiatzen da.
Borrokan erasoak, tiroak, leherketak eta bestelako arriskuak egongo dira nonahi; beraz, oso erraza da etsaien nahiz lagunen erasoen menpe hilda bukatzea, nahita zein nahigabe. Dena dela, jokalari orok eska dezake bere kideen borrokalekurako berbidalketa, eta, bost segundo baino lehen, berriz agertuko dira bertan. Kideak berpizteko norbait bizirik gelditzen den bitartean nahibeste bider egin daiteke hau. Hala ere, ahalmen hau erabiltzen duen bakoitzean segundo batzuk itxaron beharko ditu berriz norberak erabili nahi badu. Izan ere, hauek izaten dira une urdurienak maiz, taldekide bakarra bizirik dagoenean eta honek kideak berriz deitzeko itxaronaldia bete behar duenean.
Gerlariak beti borrokarako prest
Jokalariak askotariko tresnak edukiko ditu eskuragai misio bakoitzeko. Misiootan, helburuak bete eta etxera bueltan joateko ontziari deitu, bertan sartu eta ihes egin beharko dute jokalariek. Oinarrizko arma aukera zabala dago, eta, horrez gain, jokoan hain garrantzitsuak izango diren estratagemak. Estratagemak beranduago izango dira aztertuak. Gudari bakoitzak zenbait gailu erama ditzake soinean: oinarrizko arma nagusia, eskuko arma txikia, granada pare bat, gerrikoan zein lepoan jarri daitekeen gailua eta tamaina handiko beste arma bat. Mota bereko objekturen bat hartzen badugu, jatorriz geneukana utzi beharko dugu. Taldekideen ekipamendua ondo aukeratuz gero sinergia interesgarri zein arriskutsuak azalera daitezke.
Estratagemei dagokienez, jokoaren zutabe nagusietako bat dira. Berebiziko garrantzia bereganatzen dute, batez ere, jokoaren maila zailenetan. Estratagema bakoitza eskatu edo “deitzeko”, D-Padarekin komando konbinazio jakin bat bete behar da akatsik egin gabe; ondoren, espazioan dauden kamaradei deia luzatuko dien baliza jaurti beharko da, eta azkenik estratagema bakoitzari dagokion epea itxaron beharko da. Orokorrean bost segundo inguru dira eta ondoren espaziotik abidura itzel batean bidaliko dute espazio kapsula. Hau lurraren kontra jotzen ikusiko dugu, eskatutakoa ekarrita.
Estratagemak misioa hasi aurretik aukeratzen dira, eta mota desberdinetakoak daude: batzuek airez datorren erasoa eskatzen dute, eta gainerakoek arma edo gailu bereziak bidaltzen dituzte borrokalekura zuzenean. Oso garrantzitsuak dira jokalari bakoitzak lau bakarrik aukera ditzakeelako, eta taldearen jokaeran eragin itzela daukatelako. Zenbait estratagema berez agertzen zaizkigu beti, lehen aipatutako lagunak berpiztekoa, adibidez. Beste batzuk ere berez agertzen zaizkigu, baina misio jakin batzuetan soilik, misioetan bete beharreko helburu jakin batzuekin lotuta daudelako: eskuz aktibatu behar den lehergailu nuklearra edo lurpean dauden mina-lehergailuak detektatzeko gailua eskatzeko estratagemak dira honelakoen adibide pare bat.
Misio bakoitzean murgildu aurretik gure kideek zer aukeratu duten ikus dezakegu, eta, horren arabera, gure esku dauden lau estratagemak eta bestelako ekipamenduak zein abileziak hautatuko ditugu.
Gudarien ibilbidea
Zailtasun maila ondo neurtua dago, eta esparru zabala dago aukeratzeko: hasiberriek zein adituek dagozkien mailetako misioak aurkituko dituzte. Helldiversek lehen maila eta hamabosgarren maila arteko zailtasun aniztasuna eskaintzen du. Hasierako mailek ez dute erronka handiegia suposatzen, baina zailtasun maila gorantz doan heinean taldekideen arteko elkarlana ezinbestekoa izango da. Gainera, arerio mota indartsuagoak agertzen joango dira, eraso mota bereziekin nahiz babes gehigarriekin. Horrek taldekideen arteko komunikazioa eskatuko du, munizioa eskatzeko zein ahalmen handiko zenbait arma modu eraginkorragoan eta azkarragoan kargatzeko.
Helburu mota desberdinak dituzten misioak daude: oraindik bizirik dauden zenbait zibil toki babestuago batera eramatea, edo pertolioa lurrazpitik hustiatzeko gailua instalatzea, esaterako. Testuinguru edo planeta mota ezberdinetan kokatuta egon daitezke misioak, eta bakoitzak zailtasun edo arrisku gehigarriak aurkezten dizkie jokalariei. Adibidez, basamortu batzuetan lurrazpitik gori-gori dagoen laba jaurtitzen duten zuloak daude ,eta oihanetako zingiretan gure mugimendu gaitasuna zeharo murriztuko da. Aurkako zibilizazio bakoitzak, amaierako etsai nagusi bana ere dauka, mekanika desberdinekin, kultura bakoitzaren agintari nagusiak dira eta ez dira erronka makala izango.
Estratagemei dagokienez, jokoaren zutabe nagusietako bat dira. Berebiziko garrantzia bereganatzen dute, batez ere, jokoaren maila zailenetan.
Helldiversek zenbait esperientzia puntu jokalarien artean banatzen ditu. Adibidez, misio bakoitza bukatzean, zenbat helburu txiki bete diren ikusiko da, jokalarien heriotza zenbat alditan gertatu den ere kontatuko da, eta espaziontzi nagusira bueltan joateko hegazkina zenbat pertsonek hartu duten ere ikuskatuko da. Guzti honekin jokalariei esperientzia kopuru bat emango zaie.
Oso garrantzitsua da misioak bukatzea, amaitzen ez badira esperientzia puntu gutxi lor daitezke, edo agian bakarra ere ez. Misioa berriz hasi beharko da, edo beste misio bat aukera daiteke. Planeta bereko bi edo hiru misioak jarraian egiteak sari gehigarria du: batzuetan esperientzia gehiago izango da, beste batzuetan estratagema berri bat. Hori dela eta, zenbait kasutan, jokalariek helburu batzuetan kale egiten dute, puntu gutxiagorekin bada ere, garrantzitsuena misioa bukatzea delako.
Jokalari bakoitzari dagozkion esperientzia puntuak banatu ondoren, gizakien zibilizazioari beste puntu kopuru bat emango zaio misioan jasotako emaitzen arabera. Bigarren puntuazio honek jokoaren meta kanpainarako balio du, Kanpaina Galaktikoa edo Galactic Campaign deitzen den hori elikatzeko. Komunitateak estralurtarren aurka irabazitako misio bakoitzak beraien jatorrizko planetara gehiago hurbiltzen du gizateria.
Puntu horiek ez badira lortzen, beste zibilizazioek eremua bereganatuko dute, azkenik Super Lurra setiopean ezarriz. Beraien inbasioa saihesten ez bada guda espaziala galtzen dute gizakiek. Hainbeste denboraldi gauzatu dira dagoeneko eta irabazi eta galdutako guden zerrenda eskuragai dago bideojokoan zein interneten.
Jokalarien maila esperientzia bidez igotzen doa: azken mailetan esperientzia asko behar izango da mailaz igotzeko, honegatik, jokoa erabat bukatzea bide luzea izango da. Misio arruntetan, beste zibilizazioen lagin txikiak aurki daitezke, honelako hamar bildutakoan ikerketa puntu bat lortzen da; hauek dira Helldiverren gailuetan hobekuntzak egiteko beharrezkoak direnak.
Hau dela eta, jokalarien gailu zerrenda osoa hobetzeko ordu kopuru handia beharrezkoa izango da. Misioren batean, uneren batez, jokalari guztiak hiltzen badira, misioa porrotzat hartuko da: lortutako helburu zein laginak galduko dira, eta eskuratutako esperientzia zeharo jaitsiko da. Hori dela eta, joku dibertigarria da, baina, aldi berean, erronka latza aurkez dezake jokalarien aurrean. Jokalari bakar batek ihes egiteko hegazkina hartzen badu, misioa arrakastatzat hartzen da, bestela, porrot bezala.
Jokoak oinarrizko edukiak izateaz gain, DLC edo eduki gehigarri aukera zabala eskaintzen du. Honek ekipamendu aukerak zeharo zabaltzen ditu baina jokoa berriagoa zenean, kritika sutsuak suposatu izan zizkion egile talde eta argitaletxeari. Batez ere esploratzailearen ekipamendua oinarrizko edukietan ez sartu izanagatik. Ekipamendu honetako gailu batek misioetan laginak errazago bilatzea baimentzen du eta jokalari askok honen gabeziak ekipamenduak hobetzerakoan muga handiegia ezartzen zuela babestu zuten.
Helldivers gaur egungo ikusmiratik
Bideojokoak arrakasta erlatiboa izan zuen, batez ere bi stickekin kontrolatutako shoot’em upak baino konplexuago bezala uler zitekeelako bere osagai taktikoengatik. Kasu guztietan jokalariek pantaila berdina partekatzen dute, eta ez da baimentzen bakoitza bere aldetik joatea. Internet bidez ahozko komunikazioa dauka, eta lagunekin gailu berdinean jolastuz gero ere aproposa da.
Oso dibertigarria izan daiteke eskatzen duen elkarlanagatik, eta lagunen aurkako suak ekar ditzakeen istripuen egoera latzengatik zein komikoengatik. Lagunekin jolasteko dauzkan aukerak ate asko zabaltzen dizkio; izan ere, Steamen jolastekotan, Remote Play Together aktiba dezakegu eta Internet bidez lagunen bat modu lokalean egongo balitz bezala gonbidatu, ondoren online dagoen beste jendearekin kooperatzeko.
Jokoaren Discord komunitate zerbitzaria indarrean dago, eta bertan Internet bidez misio jakinetan laguntza eskatzeko mezuak eta bestelakoak bidal daitezke. Dena dela, jokoak unean irekita dauden lobby edo itxaron-gelen zerrenda eskaintzen digu, eta publikoetan sar gaitezke. Gure itxaron-gela propioa irekitzea ere posible da.
Helldivers 2 kaleratuko dutelaren zurrumurrua epe batez ibili da bizirik, batez ere aipatutako Discord zerbitzarian.
Iruzkinak