Testu honetan NomnomNami-k sortutako bi bideojoko aztertzen dira: her tears were my light eta Bad End Theater.
her tears were my light
Maitasun unibertsala
“Denbora eta espazioaren arteko maitasun-istorioa”, hala definitzen da her tears were my light (haren malko, nire argi) bideojokoa. Eta hain zuzen ere, hori da aurkituko duguna.
Nobela bisual labur honetan, jokalariak aukeratu ahal dituen erabakien bitartez, istorioa moldatuz joango da, nahi dugun amaierara arte helduz. Hainbat bukaera biziko ditugu, eta, era berean, istorioa behin eta berriz has dezakegu. Hau da, her tears were my light loop bat da, eta gure eskuetan dago nolako amaierarekin bukatu nahi dugun.
Dedukzio-ahalmen handia baduzue, jada jakingo duzue bideojoko honetan izango garen pertsonaia denbora dela. Eta, bere izenak adierazten duen bezala, pertsonaiak denbora kontrolatu ahal izango du, etengabe hasierara bueltatuz, ekintzen kateaketa aldatzeko itxaropenarekin, ahalik eta amaierarik onena lortzeko. Denbora bezala, espazioa ere pertsonifikatuta dago, eta bera salbatzea izango da gure (eta denboraren) helburua. Hau esanda, argi dago gatazkaren bat egon behar dela, baina bideojoko hain laburra izanda, egokiena gehiagorik ez esatea da.
Espazio
Esan bezala, haren malko, nire argi, nobela bisualaren generoan sar daiteke. Gauzatu dezakegun interakzio nabarmenena erabakien aukeraketa da; hau da, narrazioan eta elkarrizketetan ardazten den bideojoko hunkigarria da. Denbora eta espazioren istorioa sinplea izan daiteke, baina justuki obra honek duen txikitasunean dago bere xarma. NomnomNami-k (bideojokoaren sortzaileak) hain zabalak diren bi kontzeptu hartzen ditu istorio txiki eta polit batean bihurtuz.
Unibertsoaren sorrera kontatzen digu, hasiera hau maitasunaren jaiotzarekin parekatuz. Erlazio eta unibertso horrek funtziona dezan, imajinatuko duzuen bezala, maitasuna da pertsonaiak mugitzen dituen motorra, eta motibazio honekin, helburua oreka bat lortzea izango da. Baina oreka lortu baino lehen, maitasuna zer den ulertu beharko du gure protagonistak, onarpen eta ulermen prozesu batetik igaroz.
Bad End Theater
Amaiera zoriontsuaren bila
Ez ditut amaiera tragikoak gogoko, pertsonaiei beti hoberena desiratzen diet. Baina fikzioa errealitatearen isla bat bada, gure pentsamenduena, bizipenena, ideiena, esperientziena; bukaera ez da beti zoriontsua izango. Are gehiago, normalena agian amaiera tragiko bat izatea da.
Norbaitek esan zuen amaiera zoriontsuak irabazi behar direla, eta bideojokoak berak hori da helarazten duena. Sufrimendua, amaiera tragikoak, bizitzaren parte dira, eta askotan ezin dira saihestu.
“Amaiera zoriontsuak ez lirateke beti erraz topatu behar. Errealitatea… ez da hain adeikorra” pertsonaia batek esaten duen esaldi honekin laburtu genezake kontu hau. Baina batzuetan etsipena ez da erantzun egokia, bide zoriontsu hori bilatzen jarraitu behar gara. Guk, jokalariak bezala, hori egin beharko genuke Amaiera Tragikoen Antzokian.
Obra honetan, lau antzezle daude. Heroia, dontzeila, morroia eta gudandrea. Pertsonaia hauen istorioak lotuta daude eta nahi dugun emaitza lortzeko, bakoitzaren nortasuna moldatuz joan beharko gara. Noski, erabakiak ere hartu beharko ditugu. Istorio tragiko bakoitzean, pertsonaia bakar batekin erabakiak har ditzakegunez, hasieran beste pertsonaiak iragarrezinak irudituko zaizkigu.
Hau konpontzeko, lau pertsonaien istorioak eta ikuspuntuak jolasten joan beharko gara, eta era honetan bakoitzaren nortasunaren alderdi bat ezagutuko dugu. Ondoren, nortasunaren ezaugarri horiek aktibatu edo desaktibatu ahal izango ditugu, amaiera tragiko berriak desblokeatuz.
Heroia
Nahaste-borraste hau adibide batekin hobeto azal daiteke. Heroia adibidez, heroikoa eta diplomatikoa da. Printzipioz bi kontzeptu hauek dikotomikoak dira bideojokoan. Heroikoa bada, gudandrea hil egingo du, dontzeila atxilotuta duela pentsatuz. Diplomatikoa izatea aukeratzen badugu, gudandrearekin hitz egingo du. Baina aukera hauek heroia kontrolatzen ez dugunean dira garrantzitsuak, esan den bezala, guk pertsonaia bakar baten istorioa bizi dezakegulako, beste hiru pertsonaiak euren kabuz jokatuz.
Bideojokoaren helburu nagusia amaiera ezberdinak ikustea da, eta horretarako aukera eta nortasun konbinazio ezberdinak definitu beharko dira. Horrez gain, pertsonaia bakoitzak eskema adarkatu bat du, non aurretik hartu ditugun erabakiak eta amaierak erakusten diren. Honek falta zaizkigun amaierak lortzen laguntzen du, baina eskemak ez du inoiz adierazten nola lor daitezkeen. Sistema honek jokalaria obraren zuzendarian bihurtzen du, azken batean gu gara obra sortzen ari garenak.
Lau pertsonaien ikuspuntuak biziz, beraiekin enpatia sentituz joango gara, euren helburuak deskubritzen joango garelako. Hori dela eta, bideojokoari denbora gehiago dedikatu ahala, amaiera tragikoak gero eta gutxiago gustatuko zaizkigu, eta gure buruari galdetuko diogu ea badagoen amaiera zoriontsu bat euren patua jada definituta duten pertsonaia hauentzat. Hori da behintzat bideojokoak duen helburua, eta nirekin funtzionatu egin du. Kosta ahala kosta istorio zoriontsu bat lortu nahi nuen. Istorio hori existitzen da? Posiblea da tragedia garaitzea? Zuek aurkitu beharko duzue.
Amaiera Tragikoen Antzokia metafikzioa da, 4. pareta etengabe apurtuz eta amaieraren kontzeptuari buruzko hausnarketa bat landuz. Hau gauzatzeko umorea eta drama nahasten ditu. Bideojoko hau jokatuta, esan daiteke haren malko, nire argi ia demo bat bezala sentitzen dela. Han finkatutako dinamika eta mekanika era askoz konplexuagoan eta landuagoan dago Amaiera Tragikoen Antzokian.
Dontzeila
Azken iruzkin bat
Oraindik ez dut aipatu aztertutako bi bideojoko hauek euskarazko itzulpen ofiziala dutela, Basajaun Games-ek egina. Itzulpena batez ere, Bad End Theater (Amaiera Tragikoen Antzokia) bideojokoan gailentzen da. Pertsonaia bakoitzaren nortasuna, lengoaia erabiltzeko eran nabari daiteke. Nire zorionak Basajaun Games estudioari, eta zehazki Gabriel Fiallegas Medinari, estudioaren burua eta itzultzailea. Bi bideojoko hauek Itch.io eta Steam denda digitaletan dituzue, baita Android gailuetarako Play Store saltokian ere. Irakurri duzuena zuen gustukoa izan bada, mesedez, joka itzazue.
Iruzkinak