Erritmo jokoa plataformekin nahastuko dute Choice Provisions estudioaren laguntzarekin. PC-rako eta Switch-erako estreinatuko da.

League of Legends unibertsoak ez du atsedenik hartzen. Worlds 2021 nazioarteko txapelketaren final handia lehiatu zen asteburuan; horren ostean Netflixen estreinatu zuten Arcane animaziozko telesaila; Riot Gamesekoen jokoak Epic Games Storera heldu dira gainera, Fortnitekin LoLek elkarlana abiarazita; guzti horrekin batera, Hextech Mayhem spin-off abentura iragarri dute: azaroaren 16an merkaturatuko dute.

Frankiziako Ziggs pertsonaia maitatua izango da obra honetako protagonista, Heimerdinger-ekin batera. Oinarrizko jokoaren mekanikak alboratu, eta erritmo jokoa izango da: Bit.Trip Runner frankizian ikusitakoa gogoraraziko du. Ez da harritzekoa, jokoaren atzean Choice Provisions baitago, aipatutako sagaren arduradun nagusiak.

Hori horrela, lasterka ibili, salto egin eta eztandak eragiten ariko dira jokalariak ahalik eta puntuazio handienak lortzeko “kaos musikala” sortzen duten bitartean.

Bideo-jokoa Switcherako zein PCrako prestatzen ari dira: ordenagailuetan Steam, Epic Games Store zein GOG plataformetan kaleratuko dute. Netflix Games ere aipatzen da, baina ikusteko dago zein PCrako edo gailu mugikorretarako iritsiko den Netflixetik.

Riot Forge markapean argitaratuko dute gainera: League of Legendsen bestelako jokoak merkaturatzeko erabiltzen hasi diren marka da, eta horren baitan kaleratuko dute adibidez, Ruined King. LoLen RPG abentura aurten kaleratzeko asmoarekin jarraitzen dute Riotekoek, baina oraindik ez dute eguna zehaztu.

Hextech Mayhem PCra eta Switchera iritsiko da azaroaren 16an.