Urtero bezala, aurten ere izango dugu E3 erakusketa. Ekainaren 16tik 18ra izango da Los Angelesen. Han izango dira bideojokoen munduko enpresa garrantzitsuenak, software zein hardware garatzaileak.
Garatzaileek erakusketa hau aprobetxatzen dute joko berriak erakusteko, baita aurretik iragarritako jokoei buruzko informazio gehiago emateko. Aurten ere hala izango da. Gainera, erakusketa hasi aurretik, baita erakusketan zehar ere, enpresa desberdinek hitzaldiak emango dituzte, bidean dauden jokoei buruzkoak, baliabide berriak erakutsi, eta beste hainbat sorpresa ere.
Aurten 7 hitzaldi egongo dira, eta zuzenean ikusi ahal izango ditugu streaming bidez. Hona hemen hitzaldien zerrenda, erakutsiko digutenaren espekulazioekin batera.
Bethesda: ekainaren 15ean, goizeko 4etan.
Fallout 4 ofiziala egitea eta honen gameplaya erakustea dira gehien espero dena komunitatean. Baina argi dago Bethesdak ez duela hitzaldi baterako deitu joko baten berri baino ez emateko, eta hor izango da Doom berria. Ziurrenik zerbait gehiago erakusteko asmoa dute, baina zer ote? Agian Skyrimen ondorengoa (The Elder Scrolls VI)? Edo Dishonored 2?
Microsoft: ekainaren 15ean, arratsaldeko 18:30etan.
Ea zer nolako ustekabeak ematen dizkigun Microsoftek bere kontsolarako (eta PCrako). Aurreko urtean sorpresa eman zuten Rise of the Tomb Raider eta Ori and the Blind Forest jokoekin. Aurtengo ediziorako Gears of War berriari buruzko informazioa espero da (duela gutxi filtratu zen honen izatea), baita Rare garatzaile mitikoaren joko berria zein ote den jakiteko espektatiba handiak daude. Hala ere, inork ezin du ukatu hitzaldi honen izar handienetarikoa Halo 5: Guardians izango dela.
Electronic Arts: ekainaren 15ean, gaueko 22:00etan.
Enpresa honen partetik ziurrenik iritsiko den jokoa FIFA 2016 izango da, eta beste hainbat kirolen joko berriak ere. Baina EA ez da kirol jokoak bakarrik, kirolekin zerikusirik ez duten hainbat ustekabe eman ditzake aurten ere. Star Wars: Battlefront berriari buruzko informazio gehiago espero da, Mirror's Edge 2 jokoaren gameplaya lehenengo aldiz, eta Mass Effect 4 jokoaren lehenengo irudiak baita ere.
Ubisoft: ekainaren 16an, gaueko 12etan.
Nahiz eta Assassin's Creed berria (Syndicate) duela gutxi egin zuten ofizial, beste hainbat joko dituzte ziurrenik eskuartean. Prince of Persia berri bat? Beyond God and Evil 2? Rayman berri bat? Azken 2 urteetako joko handinahiena ere hor izango dugu, The Division hain zuzen. Nork daki, agian ahozabalik utziko gaituen IP berri bat erakutsiko digu, bere garaian Watch Dogs erakustean jarri genuen aurpegia berriz jartzea lortuko dute.
Sony: ekainaren 16an, goizeko 3etan.
Gehien espekulatzen den jokoa God of War berri bat da, beste hautagai bat Gravity Rush 2 da. Urtero bezala, hainbat IP berri ere erakutsiko dizkigute, eta baliteke aspaldiko saga baten joko berri bat ere agertzea. Ziur hitzaldi hau hainbat ustekabez beteta egongo dela. Dena dela, bada mundu guztiak espero duen joko bat, eta denok daukagu esperantza aurten honen berri izateko: The Last Guardian.
Nintendo: ekainaren 16an, arratsaldeko 18:00tan.
Duela hilabete batzuk konfirmatu zen The Legend of Zelda berria ez zela biltzar honetan erakutsiko, hori dela eta ez dakigu zer erakutsiko diguten. Starfox berriaren zeozer ziur, baina ez dakigu besterik. New 3DSrako beste esklusibo bat? Retro garatzailearen joko berria? Metroid Prime 4 agian?
Square Enix: ekainaren 16an, arratsaldeko 19:00etan.
Rol jokoen garatzaile beteranoak eta hainbat jokoren argitaratzaileek ere badute beren lekua. Hor jakingo dugu gehiago Final Fantasy XV jokoaren salmenta egunaz, baita Kingdom Hearts 3ren detaile gehiago. Beste hainbat jokoren berri izango dugu, hala nola Batman: Arkham Knight, Deus Ex: Mankind Divided, eta Rise of the Tomb Raider. Ustekabeak ere ez dira faltako.
------------------------------------------
Ikusten den bezala, aurtengo E3 ere interesgarria izango da. Zer da gehien espero duzuena? Zer gustatuko litzaizueke ikustea?
Iruzkinak