Joko mota berriak, errealitate birtuala, hobekuntzak eta azken trilogiako joko guztiak biltzen dituen bilduma iragarri dituzte IOI Interactive-ko garatzaileek.

47 agentearen azken bideo-jokoak edukiak jasotzen jarraituko du. Gaur IOI Interactive estudioak egindako aurkezpen berezian Hitman 3ren bigarren urtea aurkeztu dute: urtarrilaren 20an emango diote hasiera, era guztietako ezaugarriak gaineratuta akziozko abenturari.

Lehenik eta behin, Elusive Target Arcade deitutako joko mota aurkeztu dute. Aurretik existitzen izan den Elusive Targetaren kontzeptua oinarritzat hartuta hau “maila berri batera eraman, formula eraberritu eta erronka desberdinak zein desblokeatzeko sariak” eskainiko dituztela azaldu dute arduradunek.

Modu horretara, helburu desberdinak bata bestearen atzetik akatzea izango da joko motaren xede nagusia. Jostagarritasun erakargarria eratu nahi dute IOI Interactivekoek, eta jokalariei misio berriak noiz egongo diren komunikatzeko bideak hobetzea bilatzen dute gainera.

Freelancer deitutako joko mota aurkeztu dute baita ere. Bertan mapa berria ikusiko dute jokalariek: 47 agentearen etxea. Hau antolatzeko eta apaintzeko aukerak egongo dira, eta misioak gaindituta toki gehiago zabalduko dira.

Misioak aukeratu egin beharko dira Freelancerren: enpresa kriminalen aurka egin beharko du 47k bertan; kanpaina desberdinetan sakabanatuta, mundu osoa esploratzera eramango die ezaugarri berri honek jokalariei.

Misioetan eskuratutako arma eta objektuak etxera eramango ditu protagonistak hauek bukatzerakoan; zerbait garrantzitsua edo erabilgarria ahazten badu, baina, betirako galduko du. Roguelike kutsua edukiko duela dirudi, hortaz. Freelancer udaberrian estreinatuko dute.

Mapa guztiz berria iragarri dute baita IOI-koek. Momentuz Rocky deitua, ez dute xehetasun handirik eman: etorkizunean aurkeztuko dute sakontasunean.

Hauekin batera, Hitmanera errealitate birtualeko gailuekin jokatzeko aukera eskainiko diete PC-ko jokalariei; ezaugarri hau ez da hirugarren atalera mugatuko: Hitman 1, 2 eta 3 jokoetan ahalbidetuko dute Hitman VR.

Aurkezpenean erakutsitako bideoa benetan ikusgarria da: askatasun osoz murgil daiteke bideo-jokoan, atal grafiko harrigarria erakutsita gainera.

Hitman 3ren erabiltzaile guztiek doan jasoko dute VR bertsioa. Hirugarren atala erosita izatea ezinbestekoa da World of Assassination trilogiara errealitate birtualean jokatzeko; izan ere, aurreko bi jokoen edukiak Hitman 3ra egokituta dituzte, zaleek ondo jakingo duten modura.

Hitman VR nahiz Elusive Target Arcade urtarrilaren 20an eskuratuko dituzte jokalariek.

Bukatzeko, jokoaren atal grafikoa hobetzeko asmoarekin Glacier motor grafikoari hainbat hobekuntza gaineratuko dizkiote. Lehenengo, Ray Tracing edo izpien trazadura jasoko du Hitman 3k 2022an: trilogia osoko edukiez gozatu ahalko da ezaugarri honekin.

Intel txartel grafiko berrien XeSS teknologia erabiliko duen lehen jokoa izango da IOI Interactivena, gainera. Nvidia-ren DLSS eta AMD-ren FSR teknologien baliokidea da: bereizmen handiagoetan errendimendurik galdu gabeko jokatzeko balioko du XeSS-ek.

Azken bi hobekuntza hauek 2022an eskainiko dituzte; ez data zehatzik eman.

Berritasunak alboratuta, World of Assassinationen hiru jokoak bilduko dituen Hitman Trilogy baieztatu dute garatzaileek. Urtarrilaren 20an kaleratuko dute PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetan; ordenagailuetan Epic Games Store bidez eskuratzeaz gain, Steam zein Xbox Game Pass zerbitzuetan erosi ahalko da.