2006ko akzio eta isilpe jokoa eguneratuko dute gaur egun plataformetarako moldatzeko. Neguan estreinatuko da.

Hitman: Blood Money klasikoa Nintendo Switchera zein Android eta iOS gailu mugikorretara iritsiko da. Reprisal azpitituluarekin aurkeztu du IO Interactivek: Feral Interactive estudioa arduratuko da bertsio berriez.

Reprisal ez da joko originalaren port hutsa izango. Egileen arabera, 2006an PlayStation 2 eta Xbox kontsoletan zein PCan argitaratutako tituluaren “berregite osoa” da; pantaila txikiagoetarako zein ukipen pantailetarako ezaugarriak bilduko ditu.

Horrela, minimapa eraberritua, sagako bideojoko berriagoetan estreinatutako jokagarritasun berritasunak eta Instinct Mode deitutako mekanika inplementatuko dituzte bertsio berrietan. Gailu mugikorretan ukipen pantailarekin jokatzeaz gain aginteentzako eta teklatu zein saguarentzako euskarria gehituko dute, nahi bezala jokatzea ahalbidetuz.

Argitaratze datari dagokionez, ez dute guztiz zehaztu, baina negurako merkaturatzea aurreikusten dutela diote arduradunek.

Blood Moneyn, Hitman sagako gainerako jokoetan bezala, 47 agentea kontrolatuko dugu. Munduko gune desberdinetara bidaiatuko dugu gure helburuak hiltzeko; oro har, isilpean eta misioa planifikatuta joka dezakegu, baina, nahi izanez gero, sekulako sarraskiak eragin ditzakegu.

IOk, bitartean, Hitman jokoak alboratu ditu, eta frankizia guztiz berri batean ari da lanean; hori bai, ez da espioien mundutik urrunduko, James Bond agentearen bideojoko berria prestatzen ari baita. Oraindik ez dakigu askorik, baina obra 2020an iragarri zutela ikusita, laster berriak jasoko ditugula pentsatu nahi dugu.