Hoa 2021eko abuztuaren 24an kaleratutako bideojokoa da. Skrollcat Studio-k garatu zuen, PM Studios, Inc. eta CE-Asia-k argitaletxe lanak egin zituzten bitartean. Nintendo, Xbox, Playstation eta PC azpiegituretan dago salgai, azken honetan GoG eta Steam saltokietan. Bi dimentsioko plataforma abentura da, jokalari bakarrarentzat pentsatutakoa. Mekanika sinpleak erabili arren, estetikoki ederki landutakoa da, lasaitasunez jokatu daitekeen eta zailtasun aldetik erronka handiegia suposatzen ez duten horietakoa.

Hautatutako kolore, distira eta doinuek eroso sentiaraziko gaituzte.

 

Abentura txiki eder eta bakezalea

Hasieran, hosto itxurako txalupa txikian itsasertzera hurbilduko den izakia kontrolatuko dugu. Lurra hartu bezain laster, bere inguruko izaki naturalei bizitasuna emateko gai den iratxo txikia garela ulertuko dugu. Gu hurbiltzearekin batera loreak parez pare zabalduko dira, eta zuhaitzetako hostoak ahalik eta gehien hedatuko. Naturak gure presentziari modu onean erantzungo dio, eta izaki organiko guztiek beraien ongi etorria emango digute. Denborarekin, iraganean zer gertatu zen eta nortzuk garen ulertzen joango gara.

Gure abenturan toki ezberdinak bisitatuko ditugu, eta hauetako ia bakoitzean animalia nagusi bat esnarazi beharko dugu. Izaki boteretsu hauek iratzartzeko beharrezkoa izango da beraiei lotutako marrazki magikoak aurkitzea eta argiz piztea. Hauek bere onera datozenean, modu batean edo bestean laguntza eskainiko digute, kasu batzuetan istorioaren hurrengo atalean beharrezkoa izango den abilezia bat irakatsiz. Hala ere, mesede hau egiteko energia beharko dute inguruko animaliatxoen buruek, iratxoak lehenik beharrezkoa den energia bildu beharko du. Aipatutako indarra bost tximeleta berezi batuz jasotzen da.

Abenturaren hasieran beharrezkoak izango diren jarraibideak jasoko ditugu.

Beraz, atal bakoitzean animalia nagusi baten marrazki magikoak aktibatu eta beharrezkoak diren pinpilinpausak batuko ditugu. Azkenik buruzagiekin hitz eginda, iraganean gertatu zenari buruzko informazioa jasoko dugu eta hurrengo kokalekua zein izango den ere jakinaraziko digute.

Naturak gure presentziari modu onean erantzungo dio eta izaki organiko guztiek beraien ongi etorria emango digute

Funtsean Hoa plataforma bideojoko nahiko sinplea da. Bere genero berdineko beste jokoen konplexutasunetik ihes egiten du orokorrean. Honelako bideojokoak ezagutzen dituenarentzat nahiko erraza izango da, ez dago arerio nabarmenik, ezta hiltzeko betarik ere. Kapitulu bakoitzean mapa bat izango dugu eskuragarri, bertan oso argi agertuko zaikzigu animalia buruzagia, marrazki magikoak eta tximeleta magikoak.

Hauetaz haraindi ez dago gehiago esploratzekoa arrazoirik, polito marraztutako ingurumariez gozatzeaz gain. Maila berantiarrenetan apur bat zailagoak izango dira jauziak, eta itxuraz erraz dauden batu beharrekoetara heltzea zertxobait zailagoa izan daiteke, baina orokorrean ez du arazo nabarmenik suposatuko.

Jokoaren zenbait jauzik erronkatxoa suposa dezakete.

Hoa-ren indargune bat alde estetikoa da, zalantzarik gabe, askok bere irudi estiloa Japoniako Ghibli estudioaren marrazketa motarekin alderatu dute zentzu positiboan. Bizitza naturalaren edertasuna eta izaera bukolikoa goraipatzen duen artelana dugu, animalia zein landaredia eskuz egindako bizitasun berezi batekin adierazita agertuko zaizkigu. Soinuaren alde estetikoa ere modu kuttunean zainduta dago, bidelagun paregabea suposatzen duten piano eta bestelako instrumentuek osatutako doinuekin. Beraz, hau bideojokoa probatzeko arrazoi nabarmenetakoa da.

 

Lasaitasunez gozatzeko artelana

Arestian azaldutako egoerak kontestu jakin batzuetarako bideojoko apropos bilakatzen du Hoa: irudi eta soinu aldetik ederra den zerbait gozatu nahi izatekotan, erronka handiegia suposatzen ez duen plataforma joko bat nahi denean edo lasaitasunez jokatzeko intentzioa dagoenean, adibidez.

Aipatutako baretasunak, bakea adierazten dio jokalariari, eta abentura bere erritmoan egiteko abagunea eskaintzen du. Hau dela eta, adin jakin bateko umeekin probatzeko abentura ere izan daiteke. Jokatzeko bi dimentsioetako plataforma jokoen abileziak eskatuko dizkigu, jauzien kontrola batez ere. Istorioaren uneren batean indarkeriaren erabilera agertzen da, ez oso era esplizituan eta adin jakin batetik aurrerako umeei erraz azaltzeko moduan.

Bizitza naturalaren edertasuna eta izaera bukolikoa goraipatzen duen artelana dugu

Amaitzeko, ohartarazpen bezala, komenigarria da bere gordetze sistemari buruz apur bat hitz egitea. Normaltasunez jokatzen badugu ez dugu arazorik izango: bideojokoa edozein gelatan utz genezake eta hurrengoan abaiarazten dugunean jarraitzeko (continue) eskatuz gero arazorik gabe agertuko gara utzi genuen tokian. Baina jokoak ez ditu jokaldi gordekin desberdinak kudeatzen, bat bakarra baizik. Horrez gain, erraztasun bezala, jokoak hasieratik dauzka irekita bere zortzi kapituluak, nahi izanez gero seigarrenetik hasi gaitezke adibidez.

Kontutan hartu beharrekoa zera da, adibidez, lehen bi kapituluak jokatzen baditugu eta ondoren menu nagusitik laugarren kapitulua probatzea erabakitzen badugu, hasieran geneukan jokaldiaren gordekina galduko dela. Hori dela eta, menutik kapituluak hautatzen ibiliko bagara, komeni da jakitea jokoak azken gordetakoa bakarrik oroituko duela.

Hoa plataforma joko sinple eta ederra dugu, bere generoari mekanikoki ekarpen berri handirik egiten ez diona. Paisaia eta pertsonaia politez betetako ikus-entzule ia guztientzako abentura erraza dela esan dezakegu. Lasaitasunez jokatu nahi duten beterano zein maila errazeko erronka bilatzen dutenetzat aukera ona izan daiteke.