Warner Brosekoek 2021ean estreinatuko den Harry Potterren jokoari buruzko xehetasunak eman dituzte.

Lehen aldiz orain bi urte agertu bazen ere, Hogwarts Legacy joan den asteko Playstation 5en aurkezpenean iragarri zen ofizialki. Orain, Warner Brosek lehen ezaugarriak zehaztu ditu: Harry Potterren unibertsoko rol jokoa jokalari bakarrarentzakoa izango da.

Hogwarts Legacy “mundu zabaleko akziozko rol jokoa” dela zehaztu dute arduradunek. Avalanche Studios garatzen ari den lana Portkey Games markaren barnean egongo da: Harry Potterren etorkizuneko jokoak etiketa horrekin argitaratuko dituztela azaldu dute.

Bertan kontatuko den istorioa erabat berria izango da. XIX. mendeko Hogwarts eskolako ikasle baten kontrola hartuko dute jokalariek: “aztien munduko isilpeko sekretu bat ezagutuko” dute jokoan. Garatzaileek azaldu dutenez J.K. Rowling idazleak ez du parte hartuko jokoaren garapenean.

Jokalariek protagonistaren ahalmenak hobetu eta aztikeria boteretsuak ikasi ahalko dituzte. Adiskideekin batera arerio hilgarriei aurre egingo diete, eta moralitatea zehazteko balioko duten erabakiak hartu beharko dituzte misioetan zehar.

Avalanche Studiosen bideojokoa PC, Playstation 5, Playstation 4, Xbox One, Xbox Series X eta Srako estreinatuko da 2021ean.