Creator Kit eta Mod Manager tresnak kaleratuko ditu Avalanche Software-k etzi.
Warner Bros. Games-ek Harry Potter aztiaren unibertsoan oinarritutako Hogwarts Legacy jokoarentzako mod euskarri ofiziala iragarri du. PCko bertsioak jasoko ditu eraldatzeak sortzeko zein kudeatzeko tresnak.
Etzi, urtarrilaren 30ean, iritsiko dira mod ofizialak Hogwartsera. Eraldatzeak ekarriko dituen eguneraketa guztiz doakoa izango da ordenagailuko jokalarientzat.
Chandler Wood Avalanche Software estudioko komunitate arduradunak ezagutzera eman ditu erremintak: Creator Kit deitutakoarekin sortuko dituzte eraldatzeak moderrek, eta Mod Managerrekin, bestalde, instalatuko eta partekatuko ditugu.
CurseForge komunitatearekin elkarlana iragarri dute lehen mod ofizialak argitaratzerakoan. Denetarik aurkituko dugula aurreratu du Woodek: eduki estetikoetatik hasita, ziegetan edo kobazuloetan ikusiko ditugun jokagarritasun aldaketak nabarmentzen ditu.
2023. urtean heldu zitzaigun Hogwarts Legacy PS5, Xbox Series eta PC plataformetara; ostean, PS5, Xbox One eta Switch bertsioak ikusi ditugu. Sekulako arrakasta izan da Warnerrentzat: 30 milioi joko baino gehiago saldu dituzte.
Hori horrela, bigarren atala ezinbestekoa da. Erabateko lehentasuna dauka enpresarentzat: datorren urtean kaleratzeko asmoa daukate, oraindik ofizialki iragarri ez badute ere, HBOren telesail berriarekin bat egiteko helburuarekin.
Iruzkinak