Avalanche Software-n Harry Potter aztiaren unibertsoko abentura uztailean kaleratu behar zen Nintendo-ren gailuan.

Berri txarrak Nintendoren kontsola hibridoko harrypotterzaleentzat. Warner Bros Games argitaletxeak jakitera eman duenez, Hogwarts Legacyren Switcherako bertsioa geroratu dute: azaroaren 14an estreinatuko da azkenik.

Hori horrela, lau hilabeteko berandutzea jasan du mundu magikoa girotutako titulu arrakastatsuak: uztailaren 25ean estreinatzea aurreikusita zegoen hasiera batean —aurretik bertsio guztiek jasandako atzerapenak alboratuta, noski—.

Avalanche Software estudioak ez du askorik sakondu atzerapenean; “lehentasuna ahalik eta esperientziarik onena sortzea dela” da sare sozialetan zabaldutako mezuan aldarrikatutako gauza bakarra.

Otsailean estreinatu zen Hogwarts Legacyren PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletako zein ordenagailuko bertsioa. Orain egun batzuk, berriz, PlayStation 4-ko eta Xbox One-ko port-ak kaleratu zituzten Warnerrekoek.

Obrak sekulako atal grafikoa duen arren, optimizazio lan aparta erakusten du egungo bertsio guztietan. Hala eta guztiz ere, benetako erronka Switchera eramatean datza: nahiz eta ez duten zehaztu, suposatzekoa da geroratzea kontsolaren muga teknikoengatik eman dela. Egia esan, askok hodei bidezko bertsioa espero zuten Switcherako, baina Avalanchetik gailuarentzako berezko porta prestatzen dabiltzala dirudi.

Balorazio eta salmenta bikainekin hasi du bere bidaia Hogwarts Legacyk: hamabost milioi ale baino gehiago saldu ditu, eta zifrok PS5ko, Xbox Serieseko eta PCko bertsioei bakarrik dagozkie.

Gainerako bertsioekin lortuko dutena ikusteko dago; gainera, Harry Potterrek Japonian duen garrantzia nabarmentzekoa da. Switchak bere herrialdean duen indarrararekin batera, ulertzekoa da ganorazko bertsioa prestatzeko presioa.

Esan bezala, Hogwarts Legacy azaroaren 14an merkaturatuko da azkenik Nintendo Switchean.