Avalanche Software-koek ez dute baieztatu joko natiboa edo hodei bidezkoa izango den. 2022ko gabonetan iritsiko da gainerako bertsioekin batera.
Hogwarts Legacy desiratuak State of Play aurkezpenean izan zuen joan den astean. PlayStation-ek antolatutako ekimena izanik, Avalanche Softwarekoen lan berriari buruzko datu garrantzitsu bat kanpoan gelditu zen: Nintendo Switch kontsolan ere jokatu ahalko da Harry Potter aztiaren liburuetan girotutako titulura.
Albistea ezusteko hutsa izan da; alabaina, orain arte PlayStation eta Xbox kontsoletako nahiz ordenagailuetako bertsioak zeuden baieztatuta. Hori bai, Hogwarts Legacyren atal grafikoa ikusita zalantza handi bat sortu da bideojokozaleen artean: natiboki mugituko ote du N Handiaren kontsola hibridoak?
Avalanchekoek ez dute horren inguruan ezer zehaztu nahi izan. Twitter bidez galdetuta izaterakoan, Chandler Wood community manager-ak “ezin dituztela xehetasun gehiago eskaini” zehaztu du: “Hogwarts Legacy Switchera datorrela da baiezta dezakegun gauza bakarra”.
Gero eta gehiago dira Switchera hodei bidez heltzen ari diren bideojokoak: Hitman III, Resident Evil 7, Control, Kingdom Hearts 3 edo Dying Light 2 dira, besteak beste, streaming bidez kontsola hibridoan joka daitezkeenak.
Obra horien bertsio natiboak sortzea ezinezkoa denean garatzaileek erabiltzen duten metodoa da: gailu eramangarriak behar beste indar ez duenez, jokoak beste zerbitzari batzuen bidez mugitzen dituzte. Hori bai, jokalariek hainbat arazo tekniko salatu dituzte titulu horietan: lag-a edo kalitate grafiko eskasa nabarmenak izan ohi dira.
Ikusteko dago beraz zer modutara iritsiko den Hogwarts Legacy Nintendoren kontsolara. Argitaratze data ezagutzen dugu behintzat, egun zehatza ez dakigun arren: 2022ko gabonetan kaleratuko da Avalanche Gamesen eta Warner Bros. Games-en bideojokoa, bai Switchean, bai gainerako plataformetan.
Iruzkinak