PC-an zein Xbox eta Switch kontsoletan ere kaleratuko da. Metroidvania independenteak ez du argitalpen datarik jaso oraindik.

Hollow Knight: Silksong bizirik jarraitzen duela jakinarazteko urtean birritan agertu ohi den bideojokoetako bat da. Ekainean Xbox-en aurkezpenean trailerra eskaini ondoren, Team Cherrykoak beste albiste bat ezagutzera emateko pasa dira sare sozialetatik: metroidvania abentura PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletara iritsiko da.

Berria ez da harritzekoa egin zaleentzat; izan ere, aurreko atala ere Sony-ren plataformetan kaleratu zen orain urte batzuk. Hala eta guztiz ere, orain arte baieztatu gabeko datua zen: ordenagailuetarako eta Switcherako iragarri zen 2019. urtean, eta udan Xbox kontsoletara helduko dela ere jakin genuen.

Zoritxarrez, PlayStationekoen albisteak ez du inolako bideorik edo irudirik ikusteko balio izan. Are gehiago, oraindik ez dakigu zenbat geratzen zaigun Hollow Knight maisulanaren jarraipena eskuetan izateko. Asko jota, datu txiki baina garrantzitsua daukagu: Xboxen aurkezpenean agindu zutenez, erakutsitako titulu guztiak 2023ko ekainaren aurretik kaleratuko dira. Hortaz, urtebete baino gutxiago falta dela suposa —edo espero— dezakegu.

Silksongen protagonista guztiz berria kontrolatuko dugu: Hornet. Lehen atalean arerio bezala ezagutu genuen izakiak botere, ahalmen eta mugimendu desberdinak izango ditu zaldunarekin alderatuz. Esploratu beharko dugun erresuma ere desberdina izango da, gune koloretsuekin nahiz zitalekin. Buruzagiak gaindituta eta zoko guztiak arakatuta abilezia berriak eskuratuko ditugu mapan are gune gehiagotara iristeko.

Zalantzarik gabe, joko independenteen artean desiratuenetakoan bilakatu da Silksong. Albiste urriek eta espektatiba altuek horretan lagundu dute, zelan ez. Momentuz, Team Cherrykoen adierazpen berrien zain geratu beharko gara.

Hollow Knight: Silksong PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One, Switch eta PC plataformetan argitaratuko da.