Bideo berriarekin espantsio erraldoia agindu dute Team Cherry-ko kideek. PCra eta kontsoletara iritsiko da.

Abenduaren 11n iritsiko da Hollow Knight: Silksongen lehen eduki gehigarria. Sea of Sorrow izenpean, “orain arte prestatutakoetatik aldendu” direla jakinarazi du Team Cherry taldeak Cherry Time! aurkezpen berezian.

Itsasoetan girotutako espantsio erraldoia prestatzen dabiltza, “gune, pertsonaia, indartzaile eta buruzagi erraldoi berriekin”. Hollow Knight originalak ere hainbat espantsio jaso bazituen ere, denetariko edukiak gehituta, Silkongen lehenengoarekin joko txikia eskainiko digutela dirudi.

Hori aditzera emateko, trailer berria ere prestatu dute garatzaileek. Hornet protagonistarekin erronka ugari gainditu beharko ditugu berriz: oinarrizko abenturan lortutako abileziak erabiliko ditugula ikus daiteke, baina, garatzaileek esan bezalaxe, bestelakoak ere ageriko zaizkio aramuari. Kokaleku desberdinak, etsaiak nahiz etsai nagusiak ikus ditzakegu, baita, arrantzarekin bukatzeko: amua jaurtitzeko aukera egongo da espantsioan.

Egileek argi diote: "Lehenengo espantsioa" da. Jatorrizko HKrekin gertatu modura, etorkizunean are eduki gehiago espero ditzakegu, hortaz.

Doako DLCa izango da Sea of Sorrow. Silksongen plataforma guztietara iritsiko da; alegia, PCan zein PlayStation, Nintendo eta Xbox kontsoletan jokatu ahalko dugu abenduaren 11tik aurrera.

 

Lagunak babestuz, hiru joko gehiago

Emanaldi berezian joko gehiago agindu zituzten australiarrek; hori bai, ez dira beraiek garatutakoak, lagunenak baizik. Hiru aurkeztu dituzte, guztira: Blokkan: Secret of the Walking City-n robot detektibea izango gara; Radio Rain-ek plataformak eta borrokak bizitzera eramango gaitu neska gaztearekin; bukatzeko, The Botanist and the Translator mundu koloretsua, plataformak eta puzzleak proposatzera dator. Guztiei buruzko informazio gehiago eskainiko dutela agindu dute Team Cherrytik, “laster”.