Switch 2, PS5 eta Xbox Series kontsoletarako erosi ahalko da Fangamer-en eskutik, hainbat oparirekin. HK originala berrargitaratuko dute Switch 2an eta PS5ean.
Hollow Knight: Silksongen bertsio fisikoaren zain jarraitzen dute zale askok, eta Fangamer argitaletxeak kaleratze data ezarri du azkenik. Urriaren 16an estreinatuko da kontsola nagusietan.
Switch 2 —zein Switch—, PlayStation 5 eta Xbox Series bertsioak ikusiko ditugu kaxarekin, diskoarekin —edo kartutxoarekin, Switchentzat—. PCko bertsioa, beraz, edizio fisikorik gabe geratzen dela dirudi.

Kaxan 32 orrialdeko gidaliburua zein Pharloom erresumako mapa osoa aurkituko dira. Askok Sea of Sorrow espantsioa edizio fisikoarekin estreinatzea espero bazuten ere, Fangamerretik DLCa gabe iritsiko dela diote; hori bai, argitaratzean dohainik jaitsi ahalko da eduki gehigarria.
Iaz iritsi zen Silksong desiratua, zaleen aurreikuspenak beteta, gehienbat, baina zailtasun latzak oztopatuta. Game Erauntsian ikaragarri gustatu zitzaigun, analisian “espero genuena eta are gehiago” dela aldarrikatuz:
Mundu zabala, misteriotsua eta ederra ezagutzera eramango gaitu, duelu zein jauzi zailekin, bai, baina sagaren zaleek gogo handiz gozatuko dituztenekin. Originala beti egongo da gure bihotzetan; bigarrena, are hobea dela esan dezaket.
Ez da Fangamerrek Hollow Knighti lotuta utzi duen albiste bakarra izan. Hollow Knight originalaren bertsio fisikoa berrargitaratuko dutela jakinarazi dute argitaletxekoek, oraingoan, Switch 2 nahiz PlayStation 5 edizioak eskainita. Kasu honetan ere 28 orrialdeko eskuliburua eta Hallownest-eko mapa bilduko dira. Silksongen edizio fisikoaren egun berean kaleratuko da, urriaren 16an.
Lander Unzueta
Iruzkinak