Aloyen hurrengo abenturak ekarriko dituen berritasunak, istorioa, makinak eta gehiago ezagutzera eman dituzte State of Play aurkezpenean.

Agindu bezala, Sonyk bere kontsola berrirako prestatzen ari den hurrengo lan handiaren aurkezpen berezia egin zuen atzo gauean. Horizon Forbidden Westi zuzendutako State of Playak gameplay bideo luzeaz gozatzeko aukera eskaini zien zaleei.

Guztira hamalau minutuko iraupena eduki zuen gameplay aurkezpen luzea prestatu zuten Guerrilla Gameseko garatzaileek. Bertan Aloyen itzulera ikusi ahal izan zuten zaleek: PlayStation 5 zein PlayStation 4rako bideo-jokoa izango den arren, bideoan ikusitako guztia belaunaldi berriko kontsolako bertsioari dagokiona izan zen. Hori horrela atal grafiko ikusgarria erakutsi zuten Sonykoek.

Etorkizun urrun batean girotutako abentura honetan San Frantziskoko hondakinak bisitatuko dituzte jokalariek. Hiria suntsituta dagoen arren natura hedatu egin da, ingurugiro koloretsu eta ederrak eratuta. Hala ere, protagonistaren mendebalderako bidaiak zergatia garrantzitsua dauka atzean: ustelkeria misteriotsu eta hilgarria hedatzen ari da lurretik. Horren jatorria aurkitu eta konponbidea bilatzea izango da Aloyren helburu nagusia bigarren Horizon honetan.

Jostagarritasun bideoan ikusitako berritasunen artean nabarmentzekoa da urpean aritzeko abilezia: maskara berezi bati esker Aloyk igerian egin dezake itsaso azpitik, modu horretara mundu guztiz berri bat irekita jokalariarentzat. Ezkutuan aritzea betiere lagungarria izango da etsaiak akatzeko, baina baita dinosauro forma duten makinengatik ezkutatzeko ere.

Borrokatzea besterik geratzen ez denean, baina, Aloyk defendatzeko moduak edukiko ditu. Bere arku ezagunarekin batera lantza erabiliko du protagonista, eta horrekin eraso bereziak egiteko aukera izango du. Bideoan inguruko etsaiak lurrera botatzen dituen abilezia ikus daiteke, esaterako; eztanda egiten duten geziak ere erabiltzen ditu Aloyk.

Aipatutako makinak kontrolatzeko aukera ere egongo da, nola ez. Horien gainera igo eta ziztu bizian ibili ahalko da protagonista: aurkezpenean Clawstrider batera igotzen da Aloy bertatik etsai nagusi erraldoi baten aurka egiteko. Altuera handietatik ziztu bizian jaisteko The Legend of Zelda: Breath of the Wilden ikusitakoaren antzeko planeagailua erabili daiteke.

Gameplay bideo luzea erakutsi duten arren, Guerrila Gamesekoak argitaratze data zehaztu gabe geratu dira. Azaldu dutenez garapen prozesua “aurrera doa”, baina jokoa merkaturatuko duten egun zehatza jakiteko pixkat itxaron beharko dute jarraitzaileek.

Horizon Forbidden West PlayStationeko esklusiboa izango da: PS5erako zein PS4rako kaleratuko dute Horizon Zero Dawnen jarraipena.