Mugarik gabeko frameratea, hostotza dinamikoa, ultrawide monitorrentzako euskarria eta beste hainbat hobekuntza gehituko dizkiote Sonyren bideojokoari.

Orain arte Playstation 4ko bideojoko esklusiboa izan den Horizon Zero Dawn PCan argitaratuko zuela iragarri zuen Sonyk martxoan. Uda hasita ordenagailuetarako bertsioak eskainiko dituen ezaugarri bereziak zehaztu eta argitaratze data zehaztu dute arduradunek: abuztuaren 7an estreinatuko dute Steam eta Epic Games Storean.

Akzio eta abentura bideojokoaren Complete Edition deitutakoa jasoko dute PCko jokalariek. Hori horrela, The Frozen Wilds espantsioa barne helduko da. Gehigarri estetikoak ere dakartza azken edizio horrek.

Guerrilla Games garatzaileak baieztatu duenez Steam eta Epic Games Storeko produktuarentzako hainbat berrikuntza landu dituzte. PCko Horizonek mugarik gabeko irudi tasarekin jokatzea ahalbidetuko du, esaterako.

Horrez gain hostotza dinamikoa da gehigarri interesgarrienetakoa: Aloy protagonista landaretza gainetik eta ondotik ibiltzerakoan horiek fisikoki mugitu egingo ditu. Nola ez, grafikoak nahierara aldatzeko aukera izango dute PCkoek, eta ultrawide monitoreak dituztenek arazorik gabe erabili ahalko dituzte.

Garatzaileek bideojokora jokatzeko beharrezko ekipoa ere zehaztu dute.

Gutxieneko baldintzak:

  • Sistema eragilea: Windows 10 (64-bits)
  • Prozesadorea: Intel Core i5-2500K 3.3GHz edo AMD FX 6300 3.5GHz
  • Memoria: 8 GB RAM
  • GPU: Nvidia GeForce GTX 780 edo AMD Radeon R9 290
  • DirectX: DX 12
  • Biltegiratzea: 100 GB

Gomendatutako baldintzak

  • Sistema eragilea: Windows 10 (64-bits)
  • Prozesadorea: Intel Core i7-4770K 3.5GHz edo Ryzen 5 1500X 3.5GHz
  • Memoria: 16 GB RAM
  • GPU: Nvidia GeForce GTX 1060 edo AMD Radeon RX 580
  • DirectX: DX 12
  • Biltegiratzea: 100 GB

Horizon Zero Dawn abuztuan kaleratuko bada ere dagoeneko erreserbatzeko aukera ahalbideratu dute arduradunek. Steam zein EGSan 49,99 eurotara jarri dute salgai.