Switcheko bi jokoen gameplay bideo luzeak argitaratu dituzte, hainbat berritasun eta xehetasun azaltzeko.

Nintendok argitaratzeko dauden bideojokoen jostagarritasuna modu zuzenean erakusteko bide bezala erabiltzen ditu Treehouse aurkezpenak. Oraingoan Switcherako bi joko izan dira jarduerako ardatzak: Hyrule Warriors: Age of Calamityren eta Pikmin 3 Deluxen xehetasunak eman dituzte horietara jokatzen izan duten bitartean.

The Legend of Zelda sagan oinarritutako bigarren musou jokoa da Hyrule Warriors: Age of Calamity. Azaroaren 20an estreinatuko den jokoaren gameplay hutsa ikusi gabe egon dira zaleak, eta Nintendok hori zuzentzeko 25 minutuko bideo luzea argitaratu dute.

Bertan hiru pertsonairekin bizitako misio desberdinak ikusi ahal izan dira. Hasteko Urbosa gerudotarrarekin basamortuan kokatutako borroketan parte hartu dute. Kokalekuak ezagunak izango dira zaleentzat, baina aldaketak edukiko dituzte: Breath of the Wilden ikusitako munduan biziko da AoC, baina Ganonek Hyruleko erreinua suntsitu aurreko 100 urteetan igaroko da jokoa. Mapa erraldoia eskuetan hartuta egitekoen zerrenda ikusiko da.

Ondoren Link hautatu dute jokatzen jarraitzeko. Bere jantziak eta armak aukeratu ahalko dira, BotW-en gertatu modura. Lon Lon arrantxoan eman dute sagako protagonistarekin; aurreko jokoan guztiz suntsituta zegoen arren AoC-en oraindik zutik ikusi daiteke arrantxoa. Musouak izango duen pertsonaia “berriarekin” bukatu dute: Imparekin igaro dituzte azken minutuak.

Espero bezala Hyrule Warriors: Age of Calamityk akzioz betetako borrokak ekarriko ditu. Horietan ehundaka etsai akatzea izango da helburu nagusia, baina oraingo honetan beste hainbat ezaugarri ere gehituko dituztela dirudi pertsonalizatzeko aukerekin edota Hyrule osotik zehar ibiltzearekin batera.

Pikmin bueltan da berritasunekin

Pikmin 3 2013an Wii Urako estreinatu bazen ere, Switcherako Deluxe bertsioak hainbat berritasun gehituko ditu, eta horiek erakusteko aprobetxatu dute Treehouse aurkezpena.

Jokoaren kontrolen eskemaren aldaketarekin hasi dira aurkezleak. Kurtsorea mugitzeko sticka erabiltzeaz gain kontsolaren giroskopioa ere erabili ahalko dela baieztatu dute.

Horrez gain, bi jokalarirentzako joko mota kooperatiboan ere aritu ahalko da Deluxe bertsioan. Bi Joy-Con erabilita jokatu ahalko da, eta pantaila zaitutan egingo da.

Istoriorako kanpaina berria ikusiko dute jokalariek. Olimar eta Louie protagonista zaharrak izango dira horko protagonistak, eta Pikmin 2ren antzeko abentura izango da.

Pikmin 3 Deluxe urriaren 30ean estreinatuko da Switcherako. Ez hori bakarrik, gaur bertan eShopetik demoa jaitsi ahal dela iragarri dute garatzaileek.