Sarbide goiztiarrak ahaztutako tenplura eramango ditu jokalariak goblin inbasioari aurre egiteko.

Hytalen aurretiazko sarbideak lehen gaurkotze handia jaso berri du. 1. atala izenpean, askotariko edukiak eta berritasunak gehitzen dizkio Minecraft baino gehiago den RPG abenturari.

Esplorazio modalitatean dabiltzan jokalariek zerbait bitxia sumatuko dute eguneratzea jaitsi eta ahaztutako tenplura hurreratu bezain laster. Goblin laborategia esploratuta, lehenengo atalari hasiera emango zaio, mundutik berrikuntzak sakabanatuta. Erronka nagusia aipatutako goblinengandik etorriko da, inbasioak prestatuko baitituzte. Dimentsio arteko zirrikituetatik ageriko dira, borroka guneak izanik.

The Guttering Hollows izeneko bioma berrian ere murgilduko dira jokalariak. Eraberritutako goblin fakzioaren gune nagusia da, izaki mota anitzak bilduta. Tresnak eta asmakuntzak ekarriko dituzte, gainera, hauek lapurtzeko zein sortzeko aukera ekarrita.

Runestone izeneko harribitxi bereziak ikusiko ditugu, baita. Hauei esker, gure pertsonaiarentzako abileziak desblokeatuko ditugu, botere magiak zein bestelakoak erabiltzeko aukera lortuta.

Abenturako edukiekin bukatzeko, spoiler eremuan sartzen garen arren, The Deepworks izeneko lehen ziega erraldoia jaso du Hytalek. Bioma berria osatzen duela esan daiteke, baina erronka latzak eta borroka gogorrak dira ardatza bertan, altxor handiak lortzea ahalbidetuta. Buruzagi boteretsua ere ezkutatzen da bertan.

Ez dira lehen atalak dakartzan berrikuntza bakarrak, ordea. Bakarka zein lagunekin gozatzeko minijokoak eta mikrojokoak, eduki estetikoak, blokeak nahiz musika… Aldaketen zerrenda benetan luzea da, hemen aurki dezakegu.

Urte hasieran estreinatu zen Hytalen sarbide goiztiarra, bidean denetariko arazoak bizi ondoren. Riot Games League of Legends edo Valorant bideojokoen enpresak bereganatu zituen Hypixel Studio zein Hytale 2020. urtean, hainbat urteren ondoren, proiektua alboratzeko. Arduradunek jokoa berreskuratu, eta laster batean early access fasean argitaratu zuten, jokalarien oniritzia eskuratuta.

PCan joka dezakegu Hytalen: plataforma nagusietan egon beharrean, berezko launcher-arekin saltzen dute egileek.