Iconoclasts 2018an Joakim "Konjak" Sandberg-ek sortutako zein garatutako eta Bifrost Entertainment-ek argitaratutako akzio eta plataforma bideojokoa da. Metroidvania generoaren barruan ere kokatzen dute, baina ez da eredu honen adibiderik zehatzena. Linux, MacOS, Windows, PS4, PSVita, Nintendo Switch, Xbox One eta Amazon Luna plataformetarako aleak daude eskuragarri.

 

Mundu ikusgarri bat ezagutuz

Iconoclastsek Robin izeneko mekanikari gazte baten abentura aurkezten du, istorioan zehar bere mundua eta bertan garatzen ari diren gertakari bereziak ezagutuko ditugu. Neskak bidaia bat hasi beharko du, eta honek bere planetan dauden gizarte, fede sistema eta teknologia eredu desberdinak ikusteko abagunea eskainiko digu.

Izan ere, artelan honek ondo zaindu duen ataletako bat da, irudi koloretsua ageri den arren kontakizunaren tonua ilunduz joango da. Alde narratiboak eta zenbait pertsonaien garapen arkuek garrantzia handia hartzen dute eta interesgarria irudituko zaizkio jende askori, hala ere, kasu gutxi batzuetan testu askotxo dago eta bideojokoaren beste atalek baino protagonismo hartzen du. Pertsonaia jakin batzuen hizketaldiak astunak egin dakizkioke norbaiti, baina 10-14 ordu bitartean egosten joango den kontakizuna interesgarria irudituko zaio gehiengoari.

Estetikoki ederra da, aspaldiko 16 bit-eko aroan bezala sentituko dira hainbat jokalari. Pixel bidezko arteak maitekiro prestatutako lan gozoa dirudi. Bisitatuko ditugun tokiek ere xehetasun ugari dauzkate eta atzekaldean ikusten diren pasaia eta hortzimugek beste horrenbeste islatzen dute. Egileari zazpi urteko lana suposatu izan dion artelanaren aurrean gaude, eta jendearen gehiengoak bat egiten du itxura aldetik bere arloan maisulana den zerbaiten aurrean gaudela.

Bideojokoak akzio zuzena eskaintzen du, 2Dn aurkezten diren irudiek pertsonaia baten kontrola emango digute, eta botoiak sakatuz arerioak menperatuko ditugu. Borrokak orokorrean azkarrak dira, pertsonaiak liraintasun maila ona erakusten du eta erraza da bere kontrola geureganatzea.

Borrokez gain, puzzleek ere protagonismo handia hartuko dute. Horretarako protagonistaren abileziez baliatu beharko gara. Kasu honetan, abilezia kopuru txikiko jokoa dugu. Robin mekanikari bat da, eta torlojuak estutu eta nasaitzeko erabiltzen duen burdinazko giltza zabalgarria da bere lanabes nagusia. Horrez gain zorabio-pistola bat ere badauka, egindako doikuntzari esker boteretsuagoa dena. Jokoan zehar gailu eta eraso mota berriak lortuko ditugu baina ez dira asko. Hauek ondoren etorriko diren puzzle mota berriei aurre egiteko erabiliko dira batik-bat, eta zenbait kasutan arerio mota berriren bat garaitzeko beharrezkoak izango dira.

Jokoaren garapen arruntean zehar puzzleek etsai arruntek baino erronka handiagoa suposatu ohi dute, salbuespen jakinen bat kanpo utzita. Horrez gain, arerio nagusiengan ahalegin handia inbertitutako bideojokoa dugu hau. Etsai nagusi nahikotxo daude, estilo desberdinetakoak eta bakoitza mekanika bereziekin. Esan bezala, estetikoki erakargarriak dira ia beti eta gainera protagonistaren zenbait erasok erritmo nahiko azkarra eskaintzen dute.

Metroidvania terminoa ezartzen zaio maila zabal batean arlo honen barnean kokatu daitekeelako baina bestalde ez da eredu honen adibide garbienetakoa. Gune ezberdinak ezagutzen joango gara, eta zenbait kasutan atzera egin eta tokiren bat berriz bisitatuko dugu, baina batez ere narrazio nagusiaren linealtasunari obedituz.

Bideojokoak baditu bestelako hautazko helburuak, arerio nagusi gehiago aurkitzeko, adibidez, baina beranduago zehaztuko dugun bezala, ez du esplorazioa beste proiektu batzuen beste saritzen. Esaterako, zenbait leku nagusitara joateko lasterbidea askatzeko aukera jokoaren istorioren amaieran lortzen da, narrazio nagusirako jadanik beharrezkoa ez denean. Honek, beste joko batzuetan erritmo arruntean lortzen diren zenbait gauza, kasu honetan dena bukatu nahi dutenek bakarrik lortuko dutela esan nahi du.

 

Hain zainduta ez dauden zenbait atal

Iconoclastsek zeinu jakin batzuk erabiltzen ditu arerioengandik informazioa helarazteko. Eraso bat igorleari bueltan bidal diezaiokegun zein etsaiak mina jasotzen dabiltzan edo ez jakin dezagun kolore ta forma zehatz batzuk agertzen zaizkigu. Orokorrean ondo ulertzen dira, baina zenbaitetan aldaketa bat eskatzen dute aurretiazko azalpenik gabe. Kasu batzuetan arerio nagusiak erabiltzen dira mekanika berriak aurkezteko eta kasuren batean honek gaizkiulertuak ekar ditzake. Dena dela, esan dugun bezala ez dago abilezia kopuru handi bat eta orokorrean aurkituko dugu beharrezkoa den eraso edo mugimendua.

Jokoak beste hobekuntza batzuk ere eskaintzen ditu, baina maila txikiagokoak dira, “doitzeak” deitzen zaizkie eta Robini zenbait erraztasun txiki ematen dizkiote. Urazpian denbora luzeago irauteko arnasketa hobekuntza edo mekanikariaren giltz zabalagarriak min pixka bat gehiago egin dezala dira adibide pare bat. Osagaiak erabiliz, tailer berezietan sortzen dira eta ondoren, lortutako hobekuntzak partida gordetzeko puntuetan kudeatu daitezke. Hauek lortzeko osagaiak altxorretan aurkituko ditugu eta lau mota desberdin daude.

Doitze ezberdinak jartzeko hiru kokaleku lortuko ditugu, arruntenak behin baino gehiagotan lortuko ditugu. Beraz, ezaugarri jakin bat behin baino gehiagotan indartu dezakegu edo ezaugarri desberdinak maila txikiago batean. Kontua da Robin zauritzen duten bakoitzean hauetako bat indargabetu egiten dela, zenbait arerio menperatu arte. Hori dela eta, jokaeraren arabera indargabetuta egon daitezkeen ahalmen txikiak dira. Lortzeko zailenak direnak oso urriak dira eta ezaugarri bereziagoak eskaintzen dituzte. Dena dela, guzti hauek hautazkoak dira, eta ondorioz altxorrak bilatzea ez da erabat garrantzitsua izango. Benetan beharrezkoak direnak lehen aipatutako abileziak dira, eta ez dago hauek galtzerik.

Iconoclasts urte luzez pertsona bakar batek ehotako artelana da, itxura aldetik oso erakargarria eta narratiboki interesgarria suerta daitekeena. Jokalariak gustuko dituen gauzen arabera, bere jokagarritasunaren zenbait atal, puzzle zein abilezia sistema eta kokalekuen kudeaketa izan daitezke bere aurka egin dezaketen zenbait arlo. Hala ere, eskuragarri izatekotan frogatzea komeni den bideojokoa dugu. Bere alde onak eta txarrak bereizten jakiteko gai den jende ugari egon arren, orokorrean jokalaria epel uzten ez duen jokoa dugu eta.