TLR Games estudioaren tituluak 113 mailaz osatutako proposamen berritzailea aurkeztuko digu.
TLR Games talde bilbotarrak IDEAren argitaratze data jakitera eman du: martxoaren 8an kaleratuko dute puzzle joko bitxia ordenagailuetan —Steam bidez—, Nintendo Switch kontsolan eta Android zein iOS gailu mugikorretan.
Game Erauntsian hainbatetan hitz egin dugu IDEAren proposamenaz: bonbilla bat gidatu beharko dugu Olli Huttunen zinemagileak dron bidez zerutik lortutako paisaietatik. Autoak, hormak, etxeak eta bestelako saihestu beharko ditugu errepideetatik, lantegietatik, herrietatik nahiz biltegietatik aurrera egiteko.
Hori lortzeko, ordea, ez dugu bonbilla zuzenean kontrolatuko: bidean aurkituko ditugun oztopoak ekiditea izango da gure lana. Maila edo paisaia bakoitzeko birritan mugi dezakegu bonbilla honen gainean sakatuz.
Batzuetan ez da beharrezkoa izango; edo, agian, trabatuta geratuko gara eta askatu nahiko dugu; azkenik, bigarren bide batzuetatik jarraitzeko ezinbestekoa izango da bonbilla gidatzea. Guztira 113 maila prestatu dituztela adierazi dute bilbotarrek.
Ezin badugu aurrera egin, jokoa amaituko da, baina horrek ez du esan nahi gure ahaleginak hutsalak izango direnik. Bonbilla barruan nahi dugun ideia idazteko eta proposatzeko aukera edukiko dugu: helburu bat, bertsoa zein olerkia, mezutxoa… hauek 150 ikur desberdinekin apain eta gorde daitezke. Idatzitakoa gainerako jokalariek aurki dezakete gure bonbilla geratu den tokian.
Hala eta guztiz ere, IDEAk amaiera izango du; zazpi bukaera desberdin, zehazki. Hauetara iristeko bide nahiz desberdinak hartu beharko ditugu gure bidaian zehar. Proposatutako ideiak erakartzen bazaitu, oraindik demoa probatzeko aukera dago Steamen.
Dena den, martxoaren 8tik aurrera joko osora aritu ahalko gara PCan, Switchean eta gailu mugikorretan.
Iruzkinak (1)
nikolardii Feb. 8, 2023, 3:15 p.m.
HYPE