Microsoft-ekoek indien festarekin jarraituko dute: Vampire Survivors, Dungeons of Hinterberg, 33 Immortals eta gehiago bilduko dituzte.

Bideojoko independenteak ardatz dituen ekitaldi berria ikusiko dugu datorren astean. Xboxek IGN x ID@Xbox Digital Showcase egitasmoa iragarri du apirilaren 29rako.

Horrela, bigarrenez bilduko dira IGN agerkariarekin Xboxen ekosistemara iritsiko diren indie tituluak ezagutzera emateko. 19:00etan hasiko dute, eta IGNren ohiko plataforma nagusi guztietatik jarraitu ahalko dugu: hor Twitch eta YouTube guneetako estekak.

“Bideo epikoak, jokaldi freskoa eta iragarpen berriak” agintzen dituzte arduradunek. Pixkat gehiago zehaztuz gero, Vampire Survivors, Dungeons of Hinterberg, 33 Immortals edo Lost Records: Bloom & Rage aipatu dira prentsa oharrean, baita Palworld ezaguna ere.

Zurrumurrei dagokienez, orain egun batzuk Kena: Bridge of Spirits ederraren Xboxeko bertsioa AEBetako adinkako sailkapenean agertu zela dakigu; hori dela-eta, Ember Lab estudiokoek aukera aproposa dute port-a aurkezteko.

ID@Xbox, aurkezpena izateaz gain, 2014. urtean jaiotako ekimena da. Bere helburu nagusia talde independenteei beren obrak Xboxera eramatea erraztea da.