Oiartzun Irratira itzuli da Eider Zabalegi bideojokoen munduko azken berritasunei buruz hitz egiteko.
Abendua ez da 2023ko hilabeterik interesgarriena izango; hala eta guztiz ere, askotariko tituluak merkaturatuko dira egunotan. Urteko azken estreinaldiak ezagutzera emateko, nola ez, Il4rgi bideojokozalearen laguntza jasoko dugu.
Beti bezala, Oiartzun Irratiko Arguyuan saioan daukan txoko goxotik igaro da prestatutako zerrendari buruz hitz egitera. Hilabeteko lehen estreinaldi handiak gure artean dira jada!
Batman Arkham Trilogy-ren Switch kontsolako bertsioaren kasua da. Izenak dioen bezala, hiru bideojoko ikusiko ditugu bilduman: Arkham Asylum, Arkham City eta Arkham Knight maisulanak joka ditzakegu orain Nintendo-ren hibridoan; tamalez, Arkham Origins eta Blackgate kanpoan geratu dira. Zaldun ilunaren istoriorik onenetakoak biziko ditugu hiru jokootan: borrokak, isilpean eta esplorazioa elkartzen dituzte atal estetiko zoragarriarekin.
Bigarrena ere jaso dugu dagoeneko Switchean: Dragon Quest saga ezaugaren Monsters: The Dark Prince spin-off abentura. Monster azpisagako gainerako jokoetan bezala, Akira Toriyama mangakak sortutako munstroak harrapatzea eta heztea da helburu nagusia; Pókemon jokoen antzeko mekanikak bereganatzen ditu, alegia. Esploratzeko erresuma zabala izango dugu, eta aurrera egin ahala munstroak fusionatzeko sintesi abilezia erabiltzen hasiko gara.
Avatar: Frontiers of Pandora, berriz, bihar iritsiko zaigu PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetara. James Cameron zinemagileak eratutako unibertsoan girotutako mundu irekiko abentura da: Ubisoft etxeak garatutakoa izanik, Far Cry antzeko esperientzia izango dela esan dezakegu. Na’vi izakien azalean sartuko gara Pandora planeta babesteko.
Smalland: Survive the Wilds ere bihar estreinatuko da egungo kontsoletan. Multijokalaria ardatz duen biziraute jokoa dugu: tamaina txikiko gizakiak kontrolatuko ditugu mundu ireki erraldoian bizirik jarraitzeko helburuarekin. Aurkituko duguna ikus dezakezue jada: denetariko arriskuei aurre egiten ibiliko gara, baliabideak biltzen, eta horiekin bizitzeko tokia eraikitzen zein armak eta armadurak sortzen, bakarka nahiz lagunekin.
Estreinaldiekin bukatzeko Il4rgik benetan gustuko duen generoa falta zen: beldurra. Paranoid itxurosoa beldur psikologikoaren erresuman barneratuko da abenduaren 15ean. PCrako esklusiboki kaleratuko den joko honetan Patrick Calman protagonista kontrolatuko dugu: munduagatik aldenduta egon ondoren, bere arrebak deitu eta bisitan datorrela esango dio… hainbat urte aurretik desagertutako arrebak. Lehen pertsonan biziko dugun abentura iluna daukagu.
Iruzkinak