Oiartzun Irratiko txokoan bere zaletasunari buruz aritu da Il4rgi. Ohi bezala, hilabeteko estreinaldirik handienak errepasatu ditu.

Il4rgi bideojokozalea Oiartzun Irratiko Arguyu saiora itzuli da hilabeteko bideojokoen estreinaldi handiei buruz hitz egiteko. Apirilean sei bat joko ekartzea erabaki du: AAA titulu ikaragarriak zein indie lan txiki nahiz politak nabarmendu ditu oraingoan.

Dagoeneko kaleratu diren bideojokoak izan ditu hizpide Il4rgik. Lehena, Minecraft Legends interesgarria izan da: PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan nahiz PC-an estreinatu da. Nola ez, Game Pass bidez joka dezakegu. Mojang-en joko ezagunaren spin-off abentura dugu; estrategia generoan sakontzen du oraingoan, akzioa ere ikusiko dugun arren. Ausazko partidak proposatuko dizkigu, bakoitza desberdina izanik.

Iaz kaleratutako Horizon Forbidden West ikusgarriak bere lehen espantsio handia jaso du dagoeneko. Oraingoan, baina, PS5erako bakarrik merkaturatuko dute Sony-koek —jatorrizko jokoa PS4rako argitaratu zen—: Burning Shores azpitituluarekin, Aloy-ren abenturaren jarraipena da. Oraingoan Los Angelesera bidaiatuko dugu berarekin. Arma zein izaki robotiko berriak ikusiko ditugu, gainera.

 

Apirileko estreinaldiekin jarraituz, orain egun gutxi batzuk Dead Island 2 akziozko eta beldurrezko jokoa argitaratu zen PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetan. Aurreko jokoa bezala, odoltsua, bortitza eta frenetikoa da Deep Silver-ekoen lana. Mundu irekian eta kooperatiboan zonbien aurka borrokan ariko gara lehen pertsonako ikuspegitik.

Metroidvania abenturak ere aipatu ditu Il4rgik bere txokoan: lehena Afterimage ederra izan da. Plataforma handi guztietan estreinatuko da eskuz marraztutako bi dimentsioko titulu hau Aurogon Shangai estudioaren eskutik. Maila ez linealak, pertsonaia mota desberdinak sortzeko aukera eta istorio interesgarria aurkeztuko dizkigu gaur bertan.

The Last Case of Benedict Fox itxurosoa ere beste metroidvania titulua dugu. Etzi estreinatuko den abentura honek girotze lovecraftiarra aurkeztuko digu; hau da, munstro misteriotsuak garaitu, eta gune ilun zein beldurgarriak esploratu beharko ditugu. Microsoft-en esklusiboa da: Xbox Seriesetarako eta PCrako iritsiko da. Zelan ez, Game Pass bidez eskainiko dute Redmond-ekoek.

Hilabeteko estreinaldirik desiratuena, zalantzarik gabe, azkena izango da: Star Wars Jedi: Survivor ikaragarria. Egungo belaunaldiko kontsoletan eta ordenagailuetan solik estreinatuko da Respawn Entertainment estudioaren eta EA argitaletxearen obra: apirilaren 28tik aurrera jokatu ahalko dugu Izarretako Gerraren unibertsoan girotutako jokoan. Fallen Order sarituaren jarraipen zuzena izango da; hori horrela, beste behin Cal Kestis-en rola beteko dugu.