Urteko estreinaldirik handienetakoak jasoko ditugu datozen egunotan, eta horiek errepasatu ditu Il4rgi zaleak Oiartzun Irratian.
Beroak jarraitzen du gure etxeotan sartuta, baina jokalariek ez dute ordenagailuak edo kontsolak piztuta eta martxa betean edukitzeko beldurrik. Nola izango dute ba, datozen egunotan estreinatuko diren jokotzarrekin?
Horiei buruz mintzatu da, ohi bezala, Il4rgi bideojokozalea Oiartzun Irratiko Arguyu saioan. Iraileko estreinaldirik handienak bildu eta euren sekretuak argitara atera ditu.
Urteko bideojokorik handienetakoa estreinatu da jadanik. Bethesda Games Studios-en Starfield ikaragarria aipatuz hasi du bere txokoa Il4rgik: ez da gutxiagorako, dagoeneko sei milioi jokalarien langa gainditu baitu estatubatuarrek orain arte egindako bideojokorik handienak. Espazioko girotzea duen rol jokoa dugu: zientzia fikzioa da nagusi. Era batera edo bestera, etorkizuneko Fallout edo TES dela esan dezakegu; halere, aldaketa esanguratsuak ikusiko ditugu Starfielden. Handiena? Esploratzeko ehundaka planeta edukiko ditugula. Xbox Series kontsoletan zein PCan eskura dezakegu.
Dagoeneko jokatu ditzakegun bideojokoekin jarraituz, Lies of P berezia ere saltokietan aurki dezakegu. From Software-koen Bloodborne ezagunean oinarritutako akzio abentura da, baina berezitasun handiarekin: Pinotxo —bai, Pinotxo hori— izango da protagonista. Bere inspirazio iturriak ezagututa, argi dago titulu zaila dugula: pazientziarekin hartzekoa da, hanka sartu eta hainbat etsairen aurka hasiz gero heriotza ziurra baita. PlayStation eta Xbox kontsoletan nahiz ordenagailuetan argitaratu da.
Iruzkinak