Arguyu irratsaioan hilabeteko estreinaldiak aditzera eman ditu bideojokozaleak.
Oiartzun Irratiko Arguyu saioaren eta Il4rgiren eskutik hilabeteko bideojokoen estreinaldiak ezagutu ahal izan ditugu beste behin. Oraingoan, maiatzeko bideojokoak ekarri ditu bideojokozaleak; zehazki, sei bideojoko azpimarratu ditu oraingoan Il4rgik.
Argitalpen handiz betetako asteak datoz, adi beraz!
Lehenik eta behin, dagoeneko estreinatu diren bideojokoren bat edo beste ezagutzera emateari ekin dio zaleak. Redfall, adibidez: maiatzaren 2an kaleratu zen Arkane Studios-en eta Bethesda-ren tiro joko kooperatiboa. Jasotako kritikak eskasak izan, eta zenbait arazo teknikorekin iritsi den arren, premisa interesgarria proposatzen digu abenturak: banpiroz betetako herria lagunekin esploratzea, armak bilduz eta misioak gaindituz. Xbox Series eta PC plataformetan joka dezakegu; nola ez, Game Pass bidez ere merkaturatu da.
Irratsaiora ekarritako beste jokoetako bat jatorriz otsailean estreinatutakoa da: ez da Arguyun Hogwarts Legacy-ri buruz hitz egiten den lehen aldia. Hala ere, PS5, Xbox Series eta PC plataformetatik igaro ondoren, Avalanche Software-n mundu irekiko abentura magikoa PlayStation 4 eta Xbox one kontsoletara iritsi da. Ez dago asko aipatu beharrik, ezta? Harry Potter aztiaren unibertsoan girotutako lana dugu.
Kontrakoa gertatzen da Il4rgik nabarmendutako hirugarren jokoaren merkaturatzearekin. Weird West iaz PS4, Xbox One eta PC plataformetan estreinatu ostean, atzo bertan iritsi zen PS5 eta Xbox Series kontsoletara Definitive Edition bertsioarekin —ordenagailuko jokalariek ere jasoko dute, noski—. Western abentura berezi honetan erabakiek sekulako garrantzia dute: gure hautuek istorioa erabat eraldatuko dute. Arkane Studioseko Raphael Colantonio sortzailearen eskutik datorren lana izanik,
Maiatzaren 12an urteko estreinaldirik handienetakoa ikusiko dugu. Nola ez, The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom desiratuari buruz gabiltza. Breath of the Wild arrakastatsuaren jarraipen zuzena Switch kontsola hibridoan jokatu ahalko da: Hyrule erresumako zeruetan ibiliko gara oraingoan, aurreko jokoko guneak esploratuz zein pertsonaia berriak eta zaharrak aurkituz. Askatasuna izango da, beste behin, Link heroiaren abenturako ardatza; oraingoan, baina, sormena ere sustatuko du Nintendo-ren lanak.
Beldurrezko jokoak ere helduko zaizkigu hilabete honetan. Outlast saga ezaguna bueltan da The Outlast Trials-ekin: maiatzaren 18an kaleratuko du Red Barrels estudioak bere lan berria. Istorioa lehenengo bi atalen aurretik kokatuko da, oinarriak aldatuta: bakarka zein taldeka erronkak gainditzea izango da helburua, esperimentu zitaletako protagonistetan bilakatuko baikara. Ordenagailuetan estreinatuko da, momentuz, esklusiboki.
Ez diogu beldurra pasatzeari utziko, zorionez edo zoritxarrez, Outlastekin batera generoko beste klasiko berrietako bat itzuliko baita. Amnesia frankizia ezagunak The Bunker deitutako atala jasoko du maiatzaren 13an. Frictional Games-ekoen lanaren kasuan ere aldaketa nabarmenak ikusiko ditugu aurreko jokoekin alderatuta: ausazko elementuak eta armak eskainiko dizkigute oraingoan. PS4, Xbox Series eta One nahiz PC plataformetan argitaratuko da.
Iruzkinak