Oiartzun Irratian hilabeteko bideojokorik interesgarrienei buruz aritu da bideojokozalea, bidean ezustekoren bat edo beste aipatuz.
Urrian murgildu gara, eta horrek Il4rgi bideojokozalearen itzulera suposatzen du. Beti bezala, Oiartzun Irratiko Arguyu saiotik igaro da hilabeteko estreinaldiei buruz hitz egiteko eta entzuleei jokatzeko gogoa pizteko.
Oraingoan zaleak erakartzea ez da lan zaila izan Il4rgirentzat; izan ere, urrian denetariko bideojoko handiak kaleratu dira dagoeneko, eta argitaratuko dira datozen egunotan.
Lehena komikien munduan ezaguna dugun Hellboy ikerlari deabruaren lan berria da. Hellboy Web of Wyrd izenarekin, PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan nahiz PCan estreinatu da. Hirugarren pertsonako akzioa biziko dugu nagusiki, borroka latzen itxura hartuta, baina roguelike mekanikak ere erabiltzen ditu. Estetikoki oso berezia da, komikietan ikusitakoa gogora ekarriz: Mike Mignola artistarekin elkarlanean egindako lana dugu, izan ere.
Assassin’s Creed Mirage izango da hilabete honetako obrarik handienetakoa. Ubisoft-en saga ezagunaren itzulera argitaratu da dagoeneko PlayStation, Xbox eta PC plataformetan. Frankiziaren erroetara itzuli dira Miragekin, mekanikak eta girotzea zainduz. Parkourra, mundu ireki txikiagoa eta isilpea dira nagusi, erreta zegoen saga arrakasta edukitzera eraman zuena berreskuratzeko asmoarekin. Basim Ragnarok-eko pertsonaia da protagonista: asasinoa izatera iristeko egindakoak ezagutuko ditugu.
Nintendo-ren hilabeteko lehen joko handia dugu Detective Pikachu Returns. 2018ko 3DSko jokoaren jarraipena da: bigarren atala Switchean joka dezakegu. Pikachu detektbia Tim lagunarekin elkartuko da berriz misterioak argitzeko aztarnak bilduz, guneak ikertuz eta jendea ezagutuz.
Soulslike generoa maite du Il4rgik, beraz ezin zen Lords of the Fallen aipatu gabe geratu, erronkazaleek gustura hartuko duten titulua. 2014an izen berarekin kaleratu zen originala; hau jarraipena, edo, hobe esanda, berrabiatzea da. Borroka latzak, bi munduren edo planoren arteko gatazka eta ikaragarrizko grafikoak agintzen ditu.
Marvel’s Spider-Man 2 urriaren 20an iritsiko da azkenik. Nola ez, PlayStation 5erako esklusiboa izango da, hasiera batean behintzat. Originalaren eta ondoren estreinatutako Miles Morales joko txikiaren jarraipen zuzena dugu: Peter Parker zein Miles kontrolatuko ditugu heroi araknido lanetan. Etsai nagusiak Venom eta Kraven ehiztaria dira, guk dakigunez… ziur gero ezustekoak egongo direla-eta. Hori alboratuta, mekanika ezagunak itzuliko dira: armiarmekin zeharkatzeko New York erraldoia, grafiko ikusgarriak, eta borroka zirraragarriak.
Super Mario Bros. Wonder itxurosoaegun berean dator Spider-Manekin bideojokoen mundua alaitzera. Nintendoren maskota izanik, Switcheko esklusiboa dugu, nola ez. Erroetara joko duen beste lan bat dugu, baina oraingoan denetariko berritasunak gehituta. 2.5 dimentsioko plataforma jokoa izango da; hau da, Mario klasikoen jokagarritasuna ikusiko dugu, baina atal grafiko eraberrituarekin. Botere berriak, ahalmenak eskaintzen dituzten medailak eta lau jokalarirentzako kooperatiboa edukiko du.
Urriak 27 hilabeteko azken joko erraldoia jasoko dugun eguna izango da, Alan Wake 2 baitator. Beldurrezko joko arrakastatsua izan zen bere garaian, eta zaleak jarraipena desiratzen dabiltza. Esplorazioa, tiroketak, ikertzeko krimenak, eta, zelan ez, munstro beldurgarriak ikusiko ditugu berriz. PlayStation 5, Xbox Series eta PC gailuetan jokatu ahalko dugu.
Bukatzeko, Il4rgik bere YouTube kate berria aurkeztu digu: Gamelu. Bideojokoen analisiez goza dezakegu astelehenero. Oraingoz Hollow Knight eta Bloodborne bezalako maisulanak aztertzeari ekin dio Isuo kidearekin batera, euskal bideojokozaleen komunitatearentzat benetan interesgarriak izango diren edukiak sortuta.
Iruzkinak