Zein da 2023a hasteko modurik onena? 2022 bideojokorik esanguratsuenak gogoratzea, noski! Horretan izan da Il4rgi Arguyu irratsaioan.

Urte berria hasita, joan den urteak utzi dizkigun datuei eta jokoei begira jarri da Il4rgi bideojokozalea. Horri buruz hitz egitera gerturatu da Oiartzun Irratiko Arguyu saiora, ohi bezala.

ENTZUN IL4RGIREN TXOKOA HEMEN

Elden Ring eta God of War: Ragnarök izan dira, besteak beste, 2022ko lanik goraipatuenak. Salduenen kasuan, baina, egoera pixkat aldatzen da: Call of Duty sagaren azken atala izan da urteko bideojokorik salduena —eta Elden Ringek oso ongi egin duela gogoratu beharra dago!—.

Nola ez, urtarrileko estreinaldiak ezagutzeari ekin dio zaleak. Hasteko eta behin, manganimearentzako txokoa egin du Il4rgik: Dragoi Bolaren unibertsoko Kakarot akziozko RPG abenturak belaunaldi berrietarako bertsio eguneratua jasoko du; ez hori bakarrik, Son Gokuren aitak, Bardock zitalak, espantsio propioa edukiko du Bandai Namco-ren eta CyberConnect2-ren bideojokoan. Dagoeneko estreinatu da kontsoletan eta ordenagailuan.

Horrez gain, nazioarteko beste manga ospetsuenetako baten bideojoko berriari buruz ere aritu da. One Piece Odyssey JRPG-ak txandakako borrokak proposatuko dizkigu lastotxapelen tripulazioarekin: Luffy, Zoro, Nami, Chopper eta lagunak bilduko ditu hainbat abentura bizitzeko eta iraganera bidaiatzeko. One Piecen titulua ere joka daiteke dagoeneko PlayStation eta Xbox kontsoletan nahiz PC-an; horrez gain, doako demoa dauka.

Nintendo-ren bideojokoekin jarraitu du irratsaioan. Fire Emblem estrategia frankiziak Engage atala jasoko du urtarrilaren 20an Switch kontsolarako. Sagako atal zaharretako heroiak berreskuratuko ditu istorio guztiz berria aurkezteko. Protagonistaren itxurak ez dira zaleen gustukoenak izango —ez dugu beste ezer zure aurka, Toothpaste-chan—, baina gainerako guztiak sekulakoa dirudi.

Estreinaldiekin bukatzeko, Square Enix-en hurrengo lana aurkeztu du Il4rgik: Forspoken. Mundu irekiko RPG honek atal tekniko ikaragarria dauka; ikusteko dago, baina, beste alorretan horren ona izatera iritsiko ote den. Horixe espero dugu, prezioak ez baitu askorik lagunduko: 80 eurotara kaleratuko dute japoniarrek. Urtarrilaren 24an estreinatuko da PlayStation 5ean eta PCan.

ENTZUN IL4RGIREN TXOKOA HEMEN

Il4rgi hilean behin pasatzen da Arguyu saiotik, baina irratsaioa astelehenetik ostiralera 10:30etik 13:15era entzun daiteke Oiartzun Irratian.