Il4rgi eta Tasio Sudupe euren katea aurkeztera igaro dira Arguyuan irratsaiotik.

Hilabete berriarekin batera Il4rgiren txokora sartzeko unea iritsi da beste behin. Oraingoan, baina, Oiartzun Irratiko Arguyuan irratsaioko guneari izaera berezia eman dio Eider Zabalegi bideojokozaleak: Gamelu proiektua jakitera emateko aprobetxatu du, bideojokoei buruz euskaraz hitz egiteko katea.

Berarekin batera egon da Tasio Sudupe zalea; izan ere, bikoteak elkarrekin prestatzen ditu Gamelurako analisiak eta bideoak. Youtuben daukaten katea “beste ikuspegi batekin” eratu gura izan dutela nabarmentzen du Sudupek, “modu pertsonalagoan”.

Bideojokoei buruz entzutea gustatzen zaie Gameluko sortzaileei, batez ere jokalariak hizketan eta euren esperientziak partekatzen badabiltza. “Halakoak euskaraz entzuteko aukera handirik ez dagoela” diote: “bykuggan Hunter edo Game Erauntsia irratsaioa daude”, baina, orokorrean, “informatiboagoak eta formalagoak”.

Orain urte erdi baino gehiago hasi zuten YouTubeko bidaia. Dagoeneko zazpi bideojokoren bideoanalisiak eskaintzen dituzte: Hollow Knight, Portal, Bloodborne edo Super Mario Odyssey ikaragarrietan bizitakoak partekatu eta aztertu dituzte, baita urteko jokorik onenen zerrenda egin ere.

Dena den, Gamelu abiatu aurretik bi bideojokozaleak antzekoak egiten ibilitakoak direla esan beharra dago. I4rgi YouTube zein Twitch plataformetan jo eta su aritu da azken urte luzeetan bideojokoak gainditzen, eta Sudupe ere antzeran dabil TasioSudupe Twitch katean.

Modu horretara elkartu ziren, hain zuzen ere: Dark Souls-en azken etsai nagusia gainditzeko lasterketa prestatu zuten Amazon-en plataforman.

 

Apirileko estreinaldiak errepasatzen

Gamelu ezagutzera emateaz gain, eurentzat hilabeteko bideojoko estreinaldirik interesgarrienak izango direnen zerrenda ekarri du bikoteak Arguyuan saiora.

Il4rgik Planet of Lana-ri buruz hitz egin digu. Apirilaren 16an PlayStation 5 eta PlayStation 4 zein Switch kontsolek jasoko dute 2.5D abentura ederra, Xbox-etik nahiz PCtik igaro ondoren. Inside edo Limbo bezalako lanen proposamena hartzen du abentura xarmagarri bezain goibela eratzeko.

Tasiok, bestalde, Eiyuden Chronicle: Hundred Heroes eraman du saiora. Kontsola nagusi guztietan zein ordenagailuetan kaleratuko da JRPG berezi hau. Kickstarter bidez finantzatutako kanpaina arrakastatsua eduki zuen, baina ez hori bakarrik: Suikoden sagaren sortzaile Yoshitaka Murayama-ren azken bideojokoa izango da, otsailean zendu baitzen.