Eider Zabalegi Mario & Luigi: Brothership, S.T.A.L.K.E.R. 2, Metro Awakening edo Dragon Quest III HD-2D jokoen inguruan hitz egitera igaro da Oiartzun Irratitik.

Olentzeroren zerrenda prestatzen hasteko garaia da bideojokozaleontzat. Azaroak denetariko opariak ekarriko dizkigu, eta horiei buruz aritu da Eider ‘Il4rgi’ Zabalegi Oiartzun Irratiko Arguyuan saioan duen txokoan.

Bideojokoen enpresa handiak eguberrietako kanpainarako prestatzen dabiltzanez, plataforma guztietarako argitalpen handiak ikusiko ditugu, askotariko generoak hartuta: akzioa, tiroak, JRPG odiseak, errealitate birtualeko titulu erakargarriak zein txikienentzako abenturak jasoko ditugu egunotan.

Metal Slug Tactics azaroaren 5ean jaso genuen: aspaldiko run and gun arkade klasikoak hartuta sortutako estrategia joko dibertigarria. Marco, Tarma, Eri eta Fio bueltan dira, baita bestelako ezusteak ere, txandakako estrategia taktikoa ardatz hartuta roguelike elementuak dituen jokoan parte hartzeko. Plataforma nagusi guztietan eros dezakegu; zoritxarrez, ez da gailu mugikorretan estreinatu.

Mario eta Luigi anaien azken abentura ere jaso dugu dagoeneko; izan ere, azaroaren 7an argitaratu zuen Nintendo-k Mario & Luigi: Brothership JRPG titulua. Iturginekin esplorazioa, umore mordoa eta txandakako borrokak dituen mundu koloretsuan barneratuko gara Switch kontsolan.

Egun berean estreinatu zen Metro sagako azken abentura. 4A Games taldearen eskutik tiro jokoen trilogia bikaina eduki ondoren, errealitate birtualaren mundura igaro da Metro Awakening, oraingoan Vertigo Games taldearen eskutik. Moskuko metro ilunak VR kaskoekin zeharkatu beharko ditugu, beraz, era guztietako arriskuei aurre eginez. PCan zein PlayStation 5ean joka dezakegu.

LEGO Horizon Adventures-ekin girotzez zeharo aldatzen gara. Azaroaren 14an jasoko dugu PlayStationen Horizon sagan oinarritutako LEGO abentura. Blokez osatutako jokoen frankiziako oinarriak hartuko ditu: plataformak, puzzleak, esplorazioa eta borrokak biziko ditugu, oraingoan Aloy eta lagunekin. Familia guztiari zuzendutako titulua ez da PS kontsoletara mugatuko: PS5, PC eta Switch gailuetan merkaturatuko da.

Il4rgik benetako klasikoa ekarri digu azaroan. Dragon Quest III maisulana berregin du Square-Enix talde japoniarrak HD-2D estetika ederra erabilita. Beste behin, Erdrick adoretsuan bilakatuko gara mundua salbatzeko asmoz. Taldea osatuta, ohi bezala, txandakako borrokak biziko ditugu herrixkak, gazteluak, ziegak eta kobazuloak bisitatzen ditugun bitartean. Azaroaren 14an kaleratuko da PC, PS5, Xbox Series eta Nintendo Switch plataformetan.

Azaroarekin bukatzeko urteko estreinaldirik desiratuenetakoa aipatu dute Oiartzun Irratian: S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl bukatuta dago azkenik, eta azaroaren 20an helduko da saltokietara. GSC Game World estudio ukrainarraren lanean Txornobilera itzuliko gara berriz, erradiazio nuklearrak kaltetutako Eremu beldurgarria ikertzeko asmoarekin. PCan eta Xbox Series kontsoletan jokatuko dugu, oraingoz behintzat.