Elden Ring: Shadow of the Erdtree eta Shin Megami Tensei V: Vengeance zoragarriekin batera Still Wakes the Deep eta Luigi’s Mansion 2 HD datoz egunotan.
Ekaina ez da izaten hilabeterik indartsuena bideojokoentzat —bai, ordea, udako aurkezpenak kontuan hartzen baditugu—, baina 2024koa nahiko interesgarri dator. Are gehiago, oso anitza izango da, denetariko lanak jasoko baititugu.
Ohi bezala, Eider ‘Il4rgi’ Zabalegi bideojokozalea Oiartzun Irratiko Arguyuan saioan izan da hilabete honetan estreinatuko diren tituluei buruz hitz egiteko bere txokoan.
Destiny 2: The Final Shape-ekin hasi dugu hilabetea, ekainaren 4an argitaratu baitzen. Tiro joko ezagunaren zortzigarren espantsio handia dugu, eta azkena; halere, urtebetez luzatuko da istorioaren bukaera. Lagunekin jokatzen den abentura honek guneak, armak, arerioak eta armadurak jasoko ditu, besteak beste, eduki gehigarriarekin.
Ostiralean kaleratuko den Shin Megami Tensei V: Vengeance-ekin jarraitu du Il4rgik. Atlus estudio japoniarrak Switch kontsolan kaleratutako SMT V JRPG abenturaren behin betiko bertsioa dugu: eduki berriak gehituko dizkio orain arte ikusi gabeko istorioa osatzeko, eta plataforma nagusi guztietara bideratuko dute.
Still Wakes the Deep, bestalde, ekainaren 18an merkaturatuko den beldurrezko bideojoko benetan erakargarria da. Amnesia mitikoen The Chinese Room estudioak sortutako lan berria dugu; oraingoan petrolio plataforma batean biziko ditugu amesgaizto guztiak, kutsu lovecraftiarra bereganatuta. PCan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan jokatu ahalko dugu.
Urteko bideojokorik, edo, zuzenak izanda, eduki gehigarririk handiena jasoko dugu ekainaren 21ean. Elden Ring Shadow of the Erdtree gure artean da ia-ia, esploratzeko gune berria aurkeztuz: lurralde ilunetatik ariko gara jatorrizko jokoan agertutako misterioak argitzen… eta are gehiago aurkitzen. Beti bezala, toki berriekin batera arerioak, buruzagiak, armak eta askoz gehiago ikusiko ditugu. PlayStation nahiz Xbox kontsoletan eta ordenagailuetan estreinatuko da.
Super Monkey Ball: Banana Rumble ekainaren 25ean Switch kontsolak jasoko duen festa arkade joko dibertigarrian izango da. Sega-ren saga beteranoko ohiko proposamena dakar: bola barruan sartutako tximinoak gidatuko ditugu maila zoroetan zehar, helmugara ahalik eta azkarren iritsi nahian. Erorketak, oztopoak eta gehiago aurkituko ditugu barre algaren artean.
Nintendo-rekin bukatuko dugu, 3DS eramangarriko obra mitikoetako bat berrestreinatuko baitute Switchean: Luigi’s Mansion 2ren HD bertsioa. Marioren anaiarekin jokatuko dugu berriz, mamu ehiztari lanak egiteko. Ekainaren 27an, hilabete bukaeran, iritsiko zaigu.
Iruzkinak