Astro Bot, The Legend of Zelda: Echoes of Wisdom edo The Plucky Squire interesgarriak estreinatuko dira egunotan.

Oiartzun Irratiko Arguyuan saioak denboraldi berriari ekin dio, eta han izan da Eider ‘Il4rgi’ Zabalegi bideojokozalea, beti bezala, gure munduko berritasunak eta estreinaldiak partekatzeko.

Iraila oso interesgarria izan ohi da bideojokoen industrian, baina aurtengoa ohikoa baino zirraragarriagoa da: denetariko tituluak kaleratuko dira egunotan, eta horietatik nabarmenenak aipatu ditu Il4rgik bere txokoan.

Astro Bot PlayStation-en VR gailuak zein aginte berriak ezagutzera emateko helburuarekin jaiotako izakitxoa dugu, baina azkenik berezko joko handia izatera iritsi da. Irailaren 6an, joan den ostiralean, plataforma joko alaia eta polita argitaratu zuten Team Asobi-koek: PlayStation 5 kontsolako ezinbesteetako bat izatera iritsiko dela dirudi.

Joko maitagarrietatik odoltsuetara igaro da Il4rgi: Deathsprint 66k abiadura biziko lasterketa biolentoak proposatzen dizkigu. Irailaren 12an hasiko dira zortzi jokalariren arteko lehiak PCan. Oztopoak saihesten ariko gara zirkuitu eroetan zehar jauzika, hormetatik lasterka zein denetariko gailuak erabilita.

Funko panpina ezagunekin jarraitzen dugu, Funko Fusion izeneko akzio eta abentura titulua jasoko baitute irailaren 13an PS5, Xbox Series eta PC plataformetan. Jurassic World, Chucky, Back to the Future eta beste hainbat frankizia ezagunetako 60 pertsonairen artean aukeratu ahalko dugu, bakoitza bere abileziekin: agerikoa denez, LEGOkoek egiten dituztenen antzeko bideojokoa izango da.

Urteko ezustekorik handienetakoa izateko aukera handiak dauzka The Plucky Squire itxurosoak. PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletara nahiz PCra iritsiko dira irailaren 17an ezkutari txiki honen abentura bereziak. Zergatik bereziak? 2D eta 3D ikuspegiak elkartzen dituen jokoa biziko dugulako: haur baten gelan hiru dimentsioetan ibiliko gara, baina bertako liburuetan eta bestelakoetan barrena murgilduko gara, jokagarritasuna guztiz aldatuta.

Hilabetea kondaira hutsarekin bukatuko dugu. Norena? Zeldarena, noski… benetan, printzesarena da oraingoan! The Legend of Zelda: Echoes of Wisdom-eko protagonista izango da Hyrule erresumako printzesa: irailaren 26an Switch kontsolan hasiko da bere istorioa. Jokagarritasun klasikoari berritasun nabarmenak ekarriko dizkio: objektuak kopiatzeko eta itsasteko ahalmena dauka Zeldak, baita arerioak ere, mundua askatasun osoz zeharkatzeko.