Arguyuan saioko txokoa berreskuratu du Eider Zabalegi zaleak bideojokoen munduko azken berritasunei buruz hitz egiteko.

Martxoan sartu berri gara, eta, zelan ez, Eider ‘Il4rgi’ Zabalegi bideojokozaleak hilabeteko estreinaldirik handienak bildu ditu Oiartzun Irratiko Arguyuan saioan. Dragoiak eta printzesak ikusiko ditugu hilabete honetako bideojokoetan, baina baita samuraiak, musika eta bidaia luzeak ere.

Reveil da Il4rgiren martxoko lehen estreinaldi handia. Beldurrezko joko hau lehen pertsonan biziko dugu PS5, Xbox Series eta PC plataformetan. 60ko hamarkadako zirku ilunean zein misteriotsuan girotuko da: puzzleak eta esplorazioa ditu nagusi, baita, noski, ikarak ere.

Hi-Fi Rush martxoaren 19an estreinatuko da PlayStation 5ean. Xbox-ekoen esklusiboetatik Sony-ren kontsolara iritsiko den lehena, akzioa eta borrokak biltzen dituen hack and slash zoragarria da. Musikaren erritmoa jarraituz kolpe gogorragoak eta konbo zoragarriagoak burutuko ditugu Tango Gameworks taldearen abentura bikain honetan.

Dragon’s Dogma 2 dugu hilabeteko hirugarren joko handia: martxoaren 22an helduko da PC, PS5 eta Xbox Series plataformetarako. Obra kontinuista izango dela dirudi, baina horixe da zaleek eskatzen zutena: originala borobiltzen duen jarraipen handia. Abenturak, ezpatak, magia, eta, zelan ez, dragoiak aurkituko ditugu Capcom-en hurrengo tituluan.

Princess Peach: Showtime! Nintendo-ren aldetik jasoko dugun martxoko titulua da. Mario alboratu, eta txanpiñoi erresumako printzesaren abenturetan ardaztuko gara. Antzezlanetan barneratuko da Peach, baina ez arruntetan, madarikatutakoetan baizik. Antzerki bakoitzean mozorro desberdinak erabiliko ditu gure protagonistak, abileziak desblokeatuz: ezpataria, sukaldaria, lamia eta askoz gehiago izango da oraingoan. Martxoaren 22an ikusiko dugu Nintendo Switch kontsolan.

Martxoaren 22an, baita, Rise of the Ronin merkaturatuko du Koei Tecmo japoniarrak: samuraien borroketan girotutako Team Ninja taldearen abentura berria. Japoniako Bakumatsu arora bidaiatuko dugu katanen —eta askoz gehiagoren— dueluak bizitzeko. Istorio sakona, mundu irekia eta grafiko txundigarriak agintzen ditu PlayStation 5eko esklusiboak.

Bukatzeko, Open Roads izango da martxoko azken estreinaldia. Plataforma nagusi guztietan martxoaren 28an ikusiko dugun joko narratibo eta lasaia da. Tess Devine protagonistak amarekin autoan egingo duen bidaia azalduko zaigu bertan: esplorazioa eta hizketaldiak ditu ardatz Annapurna Interactive argtitaletxearen hurrengo lanak.

 

Urtarrileko eta otsaileko estreinaldiak ahaztu gabe!

Il4rgiren urte hasierako gomendioak aipatu gabe utzi genituen Game Erauntsian, baina ez gara horietaz ahaztu! Otsail hasieran Arguyuan saiotik igaro zen bideojokozalea 2024ko lehen argitalpenei buruz hitz egiteko.

Urtarrilak Prince of Persia: The Lost Crown metroidvania ekarri zigun; gainera, Like A Dragon: Infinite Wealth-ek yakuza mafiosoak eta JRPG borrokak uztartu zituen berriz; bukatzeko, Tekken 8 desiratuaren borrokak azkenik iritsi zitzaizkigun urte hasieran.

Otsaila lehen hilabetea bezain gogor etorri zen, sekulako altxorrak utzita. Persona 3 Reload berregite bikainarekin hasi ginen; ondoren, Nintendoren iturginak bisitatu gintuen Mario vs Donkey Kong —beste berregite bat!— puzzle joko dibertigarriarekin; otsaileko zein 2024ko izarra, baina, Final Fantasy VII Rebirth —hirugarren berregitea, bai— izan zen.